Nagusientzat babeseko bizilekuak egin gura ditu udalak zine zaharrean

Anboto 2011ko urr. 23a, 09:36
Eraikinaren jabetza lortu ondoren, etorkizunean anbulatorioa ere bertan kokatzea da helburua

Eraikinaren jabetza lortu ondoren, etorkizunean anbulatorioa ere bertan kokatzea da helburua.

 

Udala akordio batera heldu da ‘zine zaharra’ izenez ezagutzen den eraikinaren jabeekin, eta bere jabetza eskuratu du. Akordioa honako hau da: eraikina dohainik jasotzearen truke eraikin hori hirugarren adineko pertsonen bizitza kalitatea hobetzera bideratzeko konpromisoa hartu du udalak: “Printzipioz, anbulatorio berria eta adinekoentzako babeseko etxebizitzak eraikiko lirateke bertan”, udal ordezkariek adierazi dutenez.

 

Oraindino asmoak errealitate bihurtzeko hainbat pausu falta diren arren, “udala lanean dabil dagoeneko anbulategia zein etxebizitzak ahalik eta arinen errealitate izan daitezen”.

 

Jabeak zirenekiko esker ona

Zine zaharra zen eraikinak hiru jabe zituen: Bittor Kapanaga, Emilio Donado eta Jose Astorkia. Kapanagak joan den uztailean hil zen, baina aurretik sinatu zuen akordioa. Astorkia aspaldi  hil zen, eta bere ordezkari moduan Nieves eta Matilde arrebek sinatu dute akordioa udalagaz: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Otxandiorekiko erakutsi duten konpromiso sozialarengatik; jarrera berekoiak eta diruzaleak nagusi diren garai hauetan, benetako lezioa eman dute”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!