Errementarien lehenengo topaketa antolatu gaur

Anboto 2011ko urr. 1a, 08:59

Gaur Bizkaia eta Nafarroako 15 bat erremintarik euren abilezia erakutsiko dute herriko plazan

Gaur Bizkaia eta Nafarroako 15 bat erremintarik euren abilezia erakutsiko dute herriko plazan.

 

 

Otxandio erremintarien herria izan da tradizioz. Udaletxe pareko plazan erremintarien omenezko eskultura bat ere badago horren adierazgarri. Herriari hain lotuta egon den ofizioa ezagutarazteko asmoz, hainbat herritarrek Erremintarien I. Topaketa antolatu dute gaur. Katalunian eta Asturiasen egin izan dira antzeko topaketak, baina Euskal Herrian egingo den lehenengoa izango da.

 

Guztira, 15 bat erremintari batuko dira plazan, eta gehienak Bizkaitik eta Nafarroatik etorriko dira. Denek batera, elkarlanean, hesi bat egingo dute, 10:00etan hasita egun osoan zehar. Ondoren, hesi hori plazatik Gaztetxera doan bidean —bide nagusian barik, ezkerraldetik doan bidexkan— ipintzea da asmoa.

 

14:00etan bazkaritara batuko dira, eta 16:00etan berriro burdina lantzeari ekingo diote. Ekimena herrira zabaldu gura dute antolatzaileek, eta gura duenari mailua hartu eta ofizioa probatzeko aukera ere eskainiko diote.

 

Jaiak aurrera Gaztetxean


19:00etan, denek batera jaitsiera egingo dute Gaztetxera, eta han jarraituko du jaiak. Gaztetxeak antolatuta, 20:00etan luntx herrikoia egingo dute, eta 20:30ean Kuntur Lee kantautoreak kontzertua eskainiko du. 23:00etan B.E.K, Amatarrasa eta Maldan Behera taldeen kontzertuak daude.

 

Ekimena Gaztetxeko beheko solairuko barra inauguratzeko baliatuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!