Western txapelketa jokoan, asteburuan

Anboto 2011ko ira. 9a, 08:39
Aragoi, Katalunia, Madril eta Euskadiko jineterik onenak lehiatuko dira harezko futbol zelaian

Aragoi, Katalunia, Madril eta Euskadiko jineterik onenak lehiatuko dira harezko futbol zelaian.

 

Azkeneko urte bietan Zaldibarren jokatu duten Euskal Western Txapelketa  Otxandion antolatuko  dute aurten. Zapatu eta domeka honetan izango da, harezko futbol zelaian egokitutako azpiegituretan. Euskal Western elkartea eta Euskal Hipika Federazioa dira ekimenaren antolatzaileak, eta ikuskizunerako sarrera doakoa izango da.

 

Euskal Herriko jineteez gainera, estatu mailako onenak batuko dira Otxandion, federazioen arteko txapelketa ere jokatuko dutelako. Hain zuzen ere, Aragoi, Katalunia, Madril eta Euskadiko 40 zaldizko onenek parte hartuko dute asteburuko euskal western jaialdian.

 

Zaldizkoek hainbat motatako proben bitartez erakutsi beharko dute zaldi gainean duten trebezia eta abilezia. Zapatuan, 10:00etatik 13:30era, Team Penning modalitatean lehiatuko dira. Taldeko lanean, ganaduaren artetik hiru abelburu sartu beharko dituzte ikuiluan. 16:00etatik 20:00etara, Cattle Penning eta Team Sorting probak jokatuko dituzte: zaldunak abelburu bat ikuilura eroan beharko du, ahalik eta denbora gutxien erabilita.

 

Domekan finalak
Domekan, 09:00etatik 14:00etara Euskadiko Txapelketako Team Penning modalitateko bigarren txanda eta federazioen arteko lehia erabakiorrak jokatuko dituzte. Ondoren, 14:00ak inguruan, sari banaketari ekingo diote, futbol zelaian bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!