Udalaren eta AEKren arteko hitzarmena, Berbalagun garatzeko

Anboto 2011ko ira. 4a, 09:06
Orain urte biko proba pilotuaren arrakasta ikusita, izaera ofizialagaz itzuliko da Berbalagun irailean

Orain urte biko proba pilotuaren arrakasta ikusita, izaera ofizialagaz itzuliko da Berbalagun irailean.

 

Orain urte bi Berbalagun egitasmoa abiatu zuen AEK-k Otxandion. Proiektu pilotua izan zen, herritarren artean zer harrera zuen ikusteko. Ekimena arrakastatsua izan zenez, orain, irailetik aurrera, izaera ofizialagaz itzuliko da. Udalaren eta AEKren artean hitzarmena sinatu dute, eta dinamizatzaile orokor bat beren beregi egitasmoa kudeatzen arituko da.

 

Irailean zehar euskaldun osoak eta euskara maila hobetu gura dutenak batzeko kanpaina hasiko dute. Interesatuen artean galdetegia banatuko dute, euren gustuak ezagutzeko eta taldeak noiz eta nola osatu daitezkeen jakiteko. Asmoa egitasmoa urrian martxan ipintzea da. Orain urte bi 16 lagunek eman zuten izena eta lau talde osatu zituzten.

 

Gurasolagun
Etorkizunean gurasoei begirako egitasmoa abiatzea ere badute helburu. Euskaldun osoak ez diren gurasoek euren seme-alabekin duten hartu-emana euskaraz sustatzea bilatuko du Gurasolagunek. AEK antzeko egitasmoak garatzen dabil hainbat herritan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!