'Omenaldiak egin egin behar dira; horrenbeste hildako... zertarako?'

Anboto 2011ko uzt. 18a, 08:57
Duela 75 urte Otxandioko bonbardaketa eta ondorengo urteak zelan bizi izan zituen kontatu digu Jon Lasuenek. Hamalau urte zeuzkan Otxandio bonbardatu zutenean. Kalean harrapatu zuen bonbardaketak 89 urte bete dituen otxandiarrak. Egun hura eta garai hurak zelan bizi izan zituen kontatu digu, laster ordutik 75 urte betetzear daudela. Bonbardaketaren ondoren Bilbora joan zen bizitzera.

\"\"Duela 75 urte Otxandioko bonbardaketa eta ondorengo urteak zelan bizi izan zituen kontatu digu Jon Lasuenek. Hamalau urte zeuzkan Otxandio bonbardatu zutenean. Kalean harrapatu zuen bonbardaketak 89 urte bete dituen otxandiarrak. Egun hura eta garai hurak zelan bizi izan zituen kontatu digu, laster ordutik 75 urte betetzear daudela. Bonbardaketaren ondoren Bilbora joan zen bizitzera.

 

Zelan gogoratzen duzu bonbardaketa? Non zeunden momentu hartan?
Institutuan nenbilen ni, Bilbon, eta oporretan Otxandiora bueltatu nintzenean harrapatu ninduen bonbardaketak. Abioiak bi bider-edo pasatu ziren, eta gero bonbak bota zituzten. Nire anaia bi, aita eta hiru lehengusu hil ziren bonbardaketan. Ni egunkaria erostera joan nintzen, eta bitartean bota zituzten bonbak. Gure aita udaletxeko idazkaria zen, eta jai zeukalako basora buelta bat ematekotan ginen. Nire anaia bi eta aita ni egunkariagaz etortzeko zain zeuden. Euzkadi erosten genuen orduan. Altxamenduari buruz zer berri zekarren jakin gura genuen. Udaletxe ondotik etxera etorri nintzen, eta han egon ziren hildako guztiak lurrean. Dena apurtuta, zulatuta, poste guztiak lurrean... Desastrea zen.

 

Zure ezagun asko hilko zen...
Hil ziren gehienak Andikonakoak izan ziren. Gure auzoan ere jende nahiko hil zen; gazteak gehienak. Nire edadekoak, hiru behintzat bai, seguru. Nire anaiak eta lehengusuak ere ni baino gazteagoak ziren. Ez zirenak hil, kalean egon ez zirelako ez ziren hil. Orduan babeslekurik ez zegoen oraindino. Milizianoak hona uztailaren 19an etorri ziren, eta gero militarrak ere etorri ziren. Nik uste dut aeroplanoak nahastu egin zirela. Plazan soldaduak formatuta zeuden, kamioekin-eta,  frontoian eta plazan. Nik pentsatzen dut bonbak plazan bota gurako zituztela, eta nahastu-edo, haizeagaz mugitu-edo... Hegazkinak etorri zirenean jendeak kalera irten zuen ikustera, paperak botako zituztela pentsatuz, baina paperik ez.

 

Ondorengo urteak ere oso gogorrak izango ziren.
Bonbardaketa izan zenean arma handirik ez zeukaten frontean; gero bai, gero gehiago. Frontea martxoaren 31n apurtu zuten, eta orduan abioi italiarrak etorri ziren. Otxandioko etxe batzuk bonbardatu zituzten, eta gero Durangora joan ziren. Ni orduan baserri batean nengoen, izeko baten etxean Bilbotik etorrita.

 

Bilbon zeunden?
Bonbardaketa eta gero Bilbora joan ginen ama eta bost neba-arrebak izeko batengana. Ez geneukan denok etxe batean jateko beste, eta banatu egin ginen; beste izeko baten etxera-eta. Aita izaten zen gu mantentzen gintuena, eta aita barik... ahal zena egin behar. Nire arreba biak eta ni gazte hasi ginen beharrean. Hilean hamabost ogerleko ematen zizkiguten; behintzat, ogia erosteko lain.

 

Jende asko joan zen kanpora,zuen moduan, bonbardaketa eta gero?
Gure moduan gutxi. Frontea apurtu arte gehienak bertan geratu ziren, eta gero ebakuatu egin zen herria, orain Afrikan-eta moduan; koltxoiekin-eta, ahal zutena hartu eta joan egiten ziren.  Frontea jausi arte bertan egon ziren, baina familia gehienetan falta zen baten bat bonbardaketagatik. Etxe batean bi hil ziren, beste baten bat, plaza alboko etxe baten senar-emazteak eta seme-alaba bi...

 

Otxandiogaz hartu-emana edukitzen jarraitu zenuten?
Bost-zazpi urte Otxandiora etorri barik egon ginen. Salbokonduktoa, baimena behar izaten zen hona etortzeko, edo beste edozein herritara. Gobernuaren delegaritzak ematen zuen, eta trenean-eta eskatu egiten zuten gerra amaitu eta hurrengo hiru urteetan-edo. Bilbon geratu ginen, eta ni sastreria batean hasi nintzen beharrean, eta hantxe egin nituen 50 urte, jubilatu arte. Bilbora ezkondu nintzen, eta Otxandiora udetan etortzen izan ginen, Sanjoanetarako. Orain ere horrela egiten dugu.

 

Jaietan Andikona plaza berriztu eta eskultura ipiniko dute bonbardaketan hildakoen omenez. Zelan ikusten dituzu memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginok?
Ondo dago hori. Horrela izan behar da: omenaldia egin egin behar da. Desastre bat izan zen; hainbeste jende hil... eta zertarako?  Otxandio oso zigortua izan zen.Orduan irabazleak egon ziren, eta garaituak, asko kartzelara. Askorik egin barik. Ez gaude asko horri buruz berba egiteko moduan. Bonbardaketan bertan, 10-12 urteko neska-mutiko asko hil ziren. Adin bitarte batean oso jende gutxi dago Otxandiokoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!