Bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratuko dute uztailaren 24an

Anboto 2011ko uzt. 11a, 08:03
Egun horretako ekitaldiek Andikona plaza eraberritua inauguratzeko balioko dute

Egun horretako ekitaldiek Andikona plaza eraberritua inauguratzeko balioko dute.

 

Frankistek Otxandio bonbardatu zuteneko 75. urteurrena izango da uztailaren 22an.  Santamañetan, herria jai giroan zela jaurti zituzten bonbak, gehienak Andikona plazan. 50 hildakotik gora eragin zituzten; gerra hasi berri zen artean. 

 

Urtero, herritarrek oroimen ekitaldia egin izan dute eta, aurten, uztailaren 24an izango da. Lehen aldiz, baina, ekitaldi instituzionala izango da. Azaldu digutenez, duela bost urte memoria historikoaren gainean hasitako lanean inflexio puntua izango da: “Ziklo bat amaituko da, berri bat hasteko”. Izaera instituzionala duen aldetik, formatuz ere aldatuko da; esate baterako, abadeak ez du parte hartuko.

 

Egun berezia izaten da herrian uztailaren 22koa, eta aurten zer esanik ez. Gainera, Andikona plaza eta bertarako beren-beregi Nestor Basterretxeak landutako eskultura inauguratzeko aprobetxatuko dute; 19:00etan izango da hori. Arratsaldeko 19:45ean, ez ohiko udal bilkuran elkartuko dira ordezkariak, adierazpen instituzionala onartzeko. 20:15ean, Gerra zibila Otxandion liburua aurkeztuko dute Kultur Etxean; Eusko Ikaskuntzak eta udalak plazaratutako bekagaz Zigor Olabarriak burututako ikerlana da.

 

Gaueko 22:00etan ikus-entzunezko ekitaldia hasiko da Andikona plazan bertan eta, gero, 23:00etan, ikuskizuna ekarriko dute Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Nika Bitchiasvili musikariek. Hauekin batera, Traspasos dantza taldea ere ariko da.

 

Plaza eraberritua
Andikona plaza eraberritu egin dute urtemugarako. Goialdea eta behealdea berdindu dituzte, eskailera batzuk sortuz. Harrizko bloke landuak ezarri dituzte, jesarleku funtzioa gehituz, eta argiteria ere berriztu dute.
Plazari izaera berezia emango diona, baina, Nestor Basterretxeak egindako eskultura da. Gainera, bonbardaketan hildako guztien izenak jasoko dituen horma ere eraiki dute.

 

\"\".

 

Herritarren parte-hartzeagaz osatutako laburmetraia

 

Uztailaren 22an bertan burutuko dituzten ekitaldien artean laburmetraia berri baten estreinaldia egingo dute. Gaueko 22:30etik aurrera, ikus-entzunezko saio berezia eskainiko dute; bertan, otxandiarren parte-hartzeari esker garatutako laburmetraia proiektatuko dute.

 

Martxoan hasi ziren grabaketekin, eta 80 lagunek egin zituzten aktore lanak hasieran.  Bigarren txanda batean, ekainean, beste 70 bat lagunek antzeztu dute kameren aurrean, eta oraintsu muntaia lanetan ibili dira.
Prest dago fikziozko lana, 10 minutu inguruko luzapenagaz. Beharrean aritu direnek azaldu digutenez, “bonbardaketa egunean Otxandion gertatu zena islatzen” saiatu dira, sasoi hartako lekukoen esanak eta istorioak oinarri moduan hartuta. 

 

 

\"\"

 

 

 

 

Uztailaren 22an plaza berria inauguratuko dute
Otxandion. Herriak jasandako bonbardaketa ardatz hartuta, Nestor Basterretxeak eginiko eskultura ezarriko dute plaza berrian.

 

Zelan sortu zen eskultura egiteko aukera?
Eskultura egiteko aukera eskaini zidatenean, segituan onartu nuen; batez ere, bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, bere esanahiagatik; ikaragarria izan zen hura, hainbeste hildako, baita umeak ere… lehenengo, guzti horregatik. Bestalde, Otxandioko herriak gerra zibila lehertu zela jakin barik jasan zuen bonbardaketa hori, guda hasteaz bat gertatu zen-eta. Gertakari horren lekukoa izan behar zuela iruditu zitzaidan.
Horrez gainera,eta  neurri txikiago batean bada ere, ni txikitan Otxandiora joaten nintzelako ere bai. Nire aitaren aldeko amama bertakoa zen,eta, egia esateko, horrek begikotasun bat pizten dit Otxandioko herriarekiko. Batez ere, bi arrazoi horiek bultzatu naute eskultura egitera.

 

Zertan datza eskultura?
Bonbardaketatik dator eskulturaren ideia; heriotza zerutik datorrela da eskulturaren ardatza. Hori dio obrak, hizkuntza abstraktu baina nahikoa garbi batean. Eskultura biolentoa da, sei metro izango ditu, eta bertikala izango da. Jauzi ziren bonbak irudikatzen ditu; ez dut uste bonbardaketa besteko mingarria denik, baina gertatu zenaren lekukotasuna ondo ematen du.  Nik uste dut, beharbada jende askok ama bat eta bere ume hilen inguruko zeozer itxaroten zuela, baina ez da hori. Modernitatearen baitan egin dut lan, eta iruditu zaidana egin dut. Plazan ezarri zutenean bertan egon nintzen; gustatu zelakoan nago.
Plaza berri horretan  arbola berri bat ezarri behar dute, lau metrokoa; bizitza sinbolizatzen du, eta horrenbestez, bizitza eta heriotza parez pare egongo dira plazan.
 

Zelan egin duzue obra?
Otxandioko aspaldiko enpresa indar handiko bat izan da obra egin duena; oso lan ona egin dute, gainera. Bertako ingeniariek nik egin ez ditudan kalkulu batzuk egin dituzte; eskulturaren egonkortasuna eta horrelakoak neurtu dituzte. Nik uste dut sorkuntzan parte hartu dugun guztiok oso pozik gaudela emaitzagaz, batez ere ni.
Obrak, orokorrean, zeresana emango du; eskulturaren originaltasunak zein plazaren beraren egiturak zeresana emango dute. Nik uste dut asmatu egin dugula, eskultura eta plaza oso originalak dira-eta. 

 



“Bizitzaren eta heriotzaren irudiak 
parez pare egongo dira”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!