Biometanizazioaren aukerak aztergai, energiaren aferean

Anboto 2011ko mar. 17a, 10:37

Batez ere abeltzaintza hondakinak eta materia organikoa aprobetxatzea aurreikusten dute.

Batez ere abeltzaintza hondakinak eta materia organikoa aprobetxatzea aurreikusten dute. Hurrengo 12-16 urteotan Otxandiok hartuko duen norabidearen ipar izateko bokazioz jaio den egitasmoa da Herri-ola, eta joan zen eguenean eman zuen lehen urratsa: Oreka proiektua ipini zuten martxan. 60 lagunek biometanizazioak -metano gasa ematen duen materiaren hartzidura-tratamendua- Otxandion izan ditzakeen aukerak aztertu zituzten. Helburua, inguruneak eskaintzen dituen energia berriztagarriak aprobetxatuz erregai fosilekiko dependentzia murriztea izango litzateke. Otxandiotik gertu 1.000 behi inguru dituen granja bat dago, eta ikerketarako ideia hortik otu zitzaien. Abeltzaintzako hondakinok eta materia organikoak aprobetxatzeko biometanizazio planta bat eraikiko lukete.

Hiru eszenatoki

Batzarrean, gaur egun erregaiekin dagoen arazoa eta horrek dakarren klima aldaketaren azalpena eman zuen Gorka Bueno EHUko irakasleak. Ondoren, ikerketa garatu duen Egimen elkarteko Iban Lizarraldek, Otxandion biometanizazioa nola lortu ahalko zen azaldu zuen; proiekturako hiru eszenatoki desberdin plazaratu zituen. Materia organiko kopuruaren arabera bereizi zituen eszenatokiak: lehenak 80 km karratuko distantzian dauden supermerkatu guztien hondakin organikoak -fruta eta berdurak- jasoko lituzke, bigarrenak erdia, eta hirugarrenak 5.000 tona bakarrik. Aukera hauen arabera, inbertsioa, azpiegiturarako azalera, beharren betetzea edota bero aurrezkia lako faktoreak aldatzen dira. Azalpenen ondoren, taldetan banatu ziren eztabaida sortu eta hausnartzeko. Lehenengo eszenatokiak 4 puntu atera zituen, bigarrenak 6,2 eta hirugarrenak 6. Emaitza hauen arabera lehenengo eszenatokia alboratu zuten eta bigarren eta hirugarrena gehiago landu behar dituztela ondorioztatu zuten. Erabaki bat hartu ahal izateko informazio gehiago behar dutela esan zuten herritarrek, arrisku eta zailtasunak hobeto baloratzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!