"Urteok aberasgarriak izan dira, baina ez naiz berriro alkategai aurkeztuko"

Anboto 2011ko ots. 18a, 10:24

Legegintzaldia amaitzear dagoela, gaurko Otxandioz eta bere etorkizunaz berba egin dugu Aritz Otxandianogaz

Zortzi urtean alkate izan eta gero, Aritz Otxandiano ez da maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko. Urte hauek beretzat oso intentsuak izan direla azaldu digu. Otxandioren garapenerako Herri-ola egitasmoa eskuetan ekin diogu elkarrizketari. Zortzi urte daramatzazu alkate. Zelakoak izan dira urte hauek zuretzat? Oso urte intentsuak eta aberasgarriak izan dira. Arlo askotan. Asko ikasi behar izan dut denbora gutxian. Herrian ere aldaketa dezente egin dugu. Ikusgarriena, beharbada, urbanistikoa izan da. Alde zaharra oinezkoentzat ipini dugu, auzo batzuk konpondu, herri barruko saihesbidea egin... Horrez gainera, saiatu gara udal politikagintza bestelako modu batean ulertzen; jendearen parte- hartzeagaz. Zortzi urteotako lan horren fruitua Herri-ola da. Aurrera doan ala ez, datorren urteotan ikusiko da, eta nik ez dudanez jarraituko, pena apur bat ematen dit ez ikusteak. Hurrengo datozenek, badaukate lana. Nondik abiatuta eratu duzue Herri-ola? Herriaren etorkizuna irudikatzeko prozesu parte-hartzaileetan hainbat ideia irten dira urteotan. Asko orokorrak ziren; adibidez, \"energia berriztagarria aprobetxatu behar da\"... Bai, baina hori zelan gauzatu? Bueltak ematen hasi ginen eta proiektu konkretu batzuk proposatu eta handienak hamar multzotan sartu ditugu. Otxandio iraunkorrago, parte-hartzaileago eta euskaldunago baterako proposamena da. Orain herrira zabaltzen gabiltza, kontraste ariketa bat egin eta txostena ekarpenekin elikatzeko. Herriaren garapenean, udalaz gainera, zeresan handia daukate gizarte zibilak eta eragile ekonomikoek. Hiruron artean definitu behar dugu herriaren etorkizuna. Proiektuen gaineko erabakiak hartzeko Herritarren Kontseilua eratu duzue, eta lehen batzarra egin zenuten. Zer moduz? Ondo. Uztailean egin genuen, eta 50 pertsona inguruk parte hartu genuen. Alternatiba bi aztertu genituen: uraren kudeaketa partzuergoak eroatea edo udalaren esku jarraitzea. Balorazio hobea izan zuen udalaren kudeaketak. Zer abantaila ditu horrek? Erabaki guneak herrian egoten jarraitzen du, eta prezioak, depurazio sistemak... Otxandion erabakitzea da kontua. Depurazio sistemari dagokionez, proposamen bat daukagu, sistema ekologikoak eta betikoak konbinatzen dituena. Gordobil inguruan ipini gurako genuke, eta depurazio sistema urtegi muturraren errekuperazio ekologikoagaz uztartu. Laster Eusko Jaurlaritzagaz batzartu behar dugu proposamena aurkezteko. Duela gutxi onartu dituzue aurrekontuak. Zelako prozesua izan da? Dirua non gastatu nahiko finkatuta eduki dugu iazko aurrekontuetatik. Andikona plaza berritzen hasi ginen, eta hori amaitzeko izan da diru zati garrantzitsuena. Aurrekontuetan jasotako beste inbertsioak diru-laguntzen menpe daude. Jasoz gero, aurrera eroango dira, baina bestela ezingo dugu. Krisi garaiotan ez genuen gutxitu gura herriko kultur talde eta eragileek jasotzen dituzten diru-laguntzak, eta mantendu egin ditugu. Andikona plaza bonbardaketaren 75.urteurrenerako prest eduki gura duzue. Zer ekitaldi zabiltzate prestatzen? Ikerketa beka amaituta, liburua eta bideoa aterako dira. Lan horretan Otxandion gerra aurretik, gerran eta ondoren gertatutakoa kontatzen da testigantzekin. Plaza inauguratu eta beste ekitaldiren bat egingo dugu, baina oraindik ez dago zehaztuta. Zelako herri mugimendua dago herrian? Bizitasuna dauka Otxandiok. Apur bat isolatuta dagoenez, ez daukagunez herri handirik hurbil... nahiko bizimodu egiten da bertan. Herri mugimenduek bere pisua daukate; kultur talde dezente dago, gazte asanbladak ere funtzionatzen du, kirol taldeak hor daude... Sare nahiko ona daukagu parte-hartzea lantzeko. Gero, egia da gizartean, orokorrean, bakoitza bere bizimoduagaz dabilela, eta ohituta gaudela gauzak besteei delegatzen. Zer iritzi duzu Ezker Abertzaleak bizi duen egoerari buruz? Momentu historikoa bizi dugula pentsatzen dut. Ezker abertzaleak egindako barne hausnarketak eta bere ondorioek aukeraz betetako eszenatokia sortu dute; aukeraz, eta, segurutik, arriskuz ere bai. Apustu horri buru-belarri ekin behar zaio orain. Ilegalizazio mehatxua hor dago, arrazoirik ez dagoen arren sortu berri den proiektu hori ilegalizatzeko. Ea Espainiako gobernuak eta auzitegiek zer egiten duten. Ilusioz ikusten dut egoera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!