"Mesfidantzak gaindituz" Otxandio, Aramaio eta Oletak lankidetza hitzarmena adostu dute

Anboto 2011ko urt. 3a, 08:00

Hitzarmenaren bidez oletarrek otxandiarren baldintza beretan erabili ahalko dituzte Otxandioko zerbitzuak: ludoteka, udalekuak, haurtzaindegia…

Hitzarmenaren bidez oletarrek otxandiarren baldintza beretan erabili ahalko dituzte Otxandioko zerbitzuak: ludoteka, udalekuak, haurtzaindegia… Hitzarmenaren helburu nagusia udal biek eskaintzen dituzten zerbitzuetara herri bietako biztanleen sarbidea parekatzea da; hau da, hitzarmenak aramaioarren Otxandioko zerbitzuetarako sarbidea arautzen du, Otxandioko biztanleek dituzten baldintza ekonomiko berberekin eta alderantziz. Honek, berehalako eragina izango du Oletan, Otxandioko zerbitzu asko erabiltzen dituztelako (igerilekuak, medikua, eskola…). Hitzarmenak jasotzen duenez, udalerri bien artean \"liskarra eta mesfidantza\" egon da hainbat mendetan limitatuaren inguruan eta \"beharrezkoa da gatazka gainditzeko urratsak ematea\". Bide horretatik, \"hitzarmen hau aro berri baten lehenengo pausu\" gisa irudikatzen dute. Gerora zerbitzu gehiago sartzeko atea zabalik utzita, jarduera konkretu batzuen zerrenda osatu dute: ludoteka, udalekuak, igerilekuak, pilotalekua, ikastetxe publikoak, haurtzaindegia, kontsultategi medikoa, prestakuntzako eta entretenimendurako ikastaroak, kirol jarduerak, eta, ikastaroak eta azpiegitura ludikoak. Zerbitzua eskaintzen duen udalerriari besteak ordaindu beharreko zenbatekoa formula baten bidez kalkulatuko dute. Udal bietako udalbatzarrean onartu dute testua eta alkate biek eta Oletako Administrazio Batzordeko lehendakariak sinatu ondoren, urte berriagaz batera sartuko da indarrean. Batzorde batek hitzarmenaren jarraipena egingo du. Bailara osoko garapena Hitzarmena sinatu dutenek Oihandi bailarak izan beharko lukeen garapenari buruzko \"ikuspegi bera\" konpartitzen dute, \"naturarekiko oreka, euren izarea euskalduna eta bailaran bizi direnen parte hartze aktiboa\" dituztelarik oinarri. Bide horretatik, bailararen garapena helburu duten proiektuak zehazten eta gauzatzen elkarrekin lan egiteko asmoa adierazi dute, hitzarmena, helburu zabalago horren \"lehenengo urratsa\" dela. Hainbat dira bailara partekatzen duten herriak: populazio gune guztiak bailara honetan dituzten Otxandio eta Ubide ez ezik, Aramaioak Oleta dauka; Abadiñok Urkiola eta Amaintermin eta Zeanurik Barazar. Beraz, etorkizunean udalerri horiekin ere helburu amankomunak gauzatzeko hitzarmenak eta lankidetza sustatzea dute helburu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!