Otxandion izotz pista ipiniko dute lehenengoz

Anboto 2010ko abe. 25a, 13:40

Abenduaren 31n, eta, urtarrilaren 1ean eta 2an herriko plazan egokituko dute izotz pista.

Abenduaren 31n, eta, urtarrilaren 1ean eta 2an herriko plazan egokituko dute izotz pista. Aurten lehenengoz izotz pista ipiniko dute Otxandion abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra. Urtero Gabonzahar egunean gazteei begirako ekintza bat antolatu ohi du Kultura Batzordeak. Orain arte, antzerki, pailazo, txotxongilo eta antzerako ikuskizunak ikusi ahal izan dira. Aurten, ordea, izotz pistak kudeatzen dituen Gasteizko enpresa baten proposamena heldu zaie eta Mainondo guraso elkarteagaz kontsultatu ondoren, izotz postagaz probatzea erabaki dute. 2.500 euro inguruko aurrekontuagaz herriko plazan atonduko dute 80 metro karratu dituen izotz artifizialeko pista. Nahi duten guztientzako zabalik egongo da; otxandiarrentzat zein herritik kanpokoentzat, eta, gaztetxoentzat zein helduentzat. Izotz pistan ibiltzeko patinak alokatu beharko dira oraindik zehaztu bako prezioan. Seguruenik txanda bakoitzean orduerdiz erabili ahalko da. Ordutegia ere ez dago guztiz zehaztuta, baina 10:00etatik 20:00 ingurura egongo da erabilgarri. Baldintza klimatiko txarrak iragarrita badaude, baliteke izotz pista Mainondo pilotalekura eramatea, baina, printzipioz, \"eguraldia erabat okertzen ez bada plazan ipiniko dugu, huraxe baita herriko erdigunea eta giroa hantxe sortu dadin gura dugu\", azaldu du Txomin Bengoa kultura zinegotziak. Ekimenagaz eta jendearen erantzunaz pozik geratzen badira datorren urtean ere izotz pista berriro ipintzea hausnartuko du Udalak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!