Uraren kudeaketa Udalaren esku mantentzea aztergai

Anboto 2010ko ira. 3a, 15:04

Otxandiori eragiten dioten gaiei buruzko herritarren iritzia jasotzeko Herritarren Kontseilua deitu zuten uztailean. Lehenengoz deitu zuten kontseiluan, uraren kudeaketa eztabaidatu zuten. Herriko araztegien gainean, udalak proposamen bi egin zituen: bata biodiskoak eta sistema ekologikoa uztartzen dituena; iraunkortasuna du helburu eta ura udalak kudeatuko luke. Beste aukera Ur Partzuergoaren esku uztea da. Aldundiak azaldu dienez, oro har, uraren zikloa eurek kudeatzea garestiegia litzateke, eta Ur Partzuergoaren esku uztea proposatu die. Udalak gai horixe planteatu zuen eta herritarrak, azkenean, uraren kudeaketa udalaren esku geratzea bideragarria litzatekeen aztertzearen alde agertu ziren. Orain, "bide hori bideragarria den aztertuko dugu, eta ondoren berriro deituko dugu Herri Kontseilua emaitzaren berri emateko", azaldu du Santi Uribe zinegotziak. Uraren ziklo osoak ura hartzen den tokitik araztegiraino egiten duen bideko prozesu guztiari egiten dio erreferentzia.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!