Gaur hasiko dira Otxandioko jaiak

Anboto 2010ko uzt. 16a, 09:42

Bihar, zapatua, botako dute txupinazoa Urduri dantza taldekoek. 50. urtemuga betetzen dute hauek. Hilaren 25era arte luzatuko da jaia. Bertso desafioa izango da gaur.

Urduri dantza taldeak 50. urtemuga bete duela gogoan hartuko dute herritarrek jaietan. Urduriko dantzariak dira uztailaren 17ko txupinazoa jaurtitzeko arduradunak. Taldekideek proposamena pozik hartu dute: \"Ohore bat da. Normala iritzi genion 50. urtemuga izanda eta horrenbeste jende batu izan duen taldea izanda. Jende horrentzako omenaldi legez ikusi dugu\", dio Ainhoa Lasuen taldekideak. Hainbat belaunaldi ordezkatuko dituzten pertsonak txupinazoa jaurtitzera igotzea gura dute. Taldeak antolatutako jai egunean idatzi bat plazaratu zuten, eta pregoia horren adierazpen bat izango dela aurreratu digute Urduri taldekoek. Duela aste batzuk mende erdiko ibilbidea gogoan hartzeko egun osoko jaia antolatu zuten. \"Eguna oso ondo joan zen. Dantzariak 250 bildu ginen, eta beste asko laguntzen\", diote taldekoek. Talde zaharretakoak entseguetan ibili ziren, eta giro polita izan da. Umeen artean, gaur egun, 65-70 dantzari daude. Taldearen 50. urteurren egitaraua biribiltzeko balioko duela txupinazoak iritzi diote taldean. Urduriren ibilbidean 500 lagun inguru ibili da dantzan. Danborrada eskainiko du, jarraian, Otxandioko musika bandak. Ohiko \'Salve Regina\' abestuko dute uztailaren 17an 19:30ean, Santa Marina elizan. Meza nagusia, Santa Marinaren omenez, uztailaren 18an eskainiko dute, Ohiandi abesbatzaren parte-hartzeagaz. Gazte Asanbladak antolatuta, gazte eta helduentzako pelikulak uztailaren 20, 21 eta 22an proiektatuko dituzte plazan. Txistulariekin, San Martinera joango dira uztailaren 24an. Paella txapelketa eta bolaleku berrituan bolo txapelketa eta trikitilariak izango dira. Andikona plazak uztailaren 25ean 1936an bonbardaketan hildakoen omenaldia hartuko du. Ondoren, limonada banatuko dute plaza nagusian. Orotz taldeagaz erromerian dantza egin ondoren, \'Agur Santa Marina\' abestiagaz otxandiarrek jaiei amaiera emango diete. UZTAILAK 16, BARIKUA 20:30 Bertso desafioa plazan: ARABA (ARAMAIO) VS BIZKAIA (IURRETA) Bertsolariak: Aramaiotik Manex Agirrek, Andere Arriolabengoak, Xabi Igoa eta Iker Agirrek jardungo dute bertsotan eta Iurretatik berriz, Eneko Abasolo \"Abarkas\", Gorka Lazkano, Ander Salaberria eta Ander Duñabeitiak. Gai jartzailea: Kristina Mardaraz Ondoren, luntx herrikoia plazan (doan izango da)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!