Urduri dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du gaur

Anboto 2010ko eka. 26a, 12:00

Egun osoko egitaraua antolatu dute urteurrenaren ospakizunerako.

Urduri dantza taldeak mende erdia bete du, eta zapatuan egun osoko jaia eginez ospatuko dute sortu zireneko 50. urteurrena. Eguerdian antolatu dute lehenengo ekitaldia. 12:00etan, plazatik irtenda, kalejira antolatu dute. Hainbat belaunalditako txistulariek girotuko dute herri osoari emango dioten itzulia. Ondoren, 13:00etatik 15:00etara Urduri dantza taldearen historia argazkitan batzen duen erakusketa ikusteko aukera egongo da bolatokiko gela berrian. Guztira, 125 argazki ipiniko dituzte. Printzipioz, erakusketa bihar bakarrik zabalduko dute, baina jendeak interesa erakusten badu igandean ere zabaltzeko aukera ez dute baztertu. Jaiak 18:30ean jarraituko du. Orduan, Andresa Landatik irtenda beste kalejira bat egingo dute hainbat belaunalditako dantzariekin. 19:00ak inguruan dantzari guztiak plazan batuko dira eta hainbat dantza erakutsiko dituzte. Guztira, 200 dantzari inguru batzea aurreikusi dute. Edadetuenak 70 urtetik gora izango ditu, eta gazteenak bost bakarrik. Amaitzeko, 21:30 inguruan, plazan herri-afaria egingo dute -350 lagun inguru batuko dira- eta erromeriak giroa alaituko du. Gaur egun, Urduri dantza taldean 65 gaztetxo inguruk egiten dute dantza. Txistulari eta kudeketa lanak egiten beste 10 bat lagun ere badabiltza.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!