Gaur hasiko dute, lehenengoz, Berbalagun egitasmoa

Anboto 2010ko mai. 10a, 10:00

Euskaldunberriak eta euskaldunzaharrak batzen ditu AEKren egitasmo horrek, eta tertulia gozoan euskarazko hiztegia aberasteko aukera eskaintzen die euskaldunberriei.

Berbalagun egitasmoak euskara ikasleei euskaraz berba egiteko aukera eskaintzen die. Euskaldunberriak eta euskaldunzaharrak batzen ditu AEKren egitasmo horrek, eta tertulia gozoan euskarazko hiztegia aberasteko aukera eskaintzen die euskaldunberriei. Otxandion aurten antolatu dute lehenengoz ekimena, eta gaur batuko dira izena eman duten lagunak. Euskara eskoletan jende asko zebilenez eta \"euskara maila hobetzeko prest jende dezente\" zegoela ikusita, Euskara Batzordeak Berbalagun egitasmoa martxan ipintzea pentsatu zuen, Egoitz Unamuno euskara teknikariak azaldu duenez. Guztira, 14 lagunek eman dute izena: lau euskaldunzaharrek eta 10 euskaldunberrik. Taldeak eratu dituzte eta astelehenetan, barikuetan eta domeketan batuko dira, maiatzean eta ekainean zehar. Ez dute gune finkorik; euskara praktikatuko dute pasiatzen, kirola egiten zein bazkaritara batzen diren bitartean, besteak beste. Hile bian proba moduan ibili eta gero, irailetik aurrera egitura egonkor bategaz jarraitzea dute helburu sustatzaileek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!