Asier Astigarraga: "Baliteke Otxandio Erdi Aroko Otxando izenetik etortzea"

Anboto 2010ko mar. 5a, 13:29

Otxandioko leku izenak edo toponimoak aztertzen ibili da Asier Astigarraga filologoa. \'Otxandioko Toponimia\' liburuan batu ditu bere ikerketan topatutakoak. Lekuen izenen jatorriaz gainera, leku horien historiaz ere asko ikasi du bere ikerketa lanean.

Asier Astigarraga - Euskal filologoa[imgd]http://www.anboto.org/images/7100/7190/1.jpg[/imgd] 44 urte dauzka Arrasateko Arizmendi ikastolako irakaslea da Otxandioko leku izenak edo toponimoak aztertzen ibili da Asier Astigarraga filologoa. \'Otxandioko Toponimia\' liburuan batu ditu bere ikerketan topatutakoak. Lekuen izenen jatorriaz gainera, leku horien historiaz ere asko ikasi du bere ikerketa lanean. Zelan sortu zen ikerketa proiektua? Orain dela hamar urte, Otxandioko Mirugain elkartea bere kabuz hasi zen toponimia aztertzen. Otxandioko eta inguruetako leku izenak batzen hasi ziren, galtzear zeudelako eta asko aldatu zirelako belaunaldi batetik bestera. Ikaragarrizko ikerketa lana egin zuten, eta euren asmoa lana argitaratzea zen, baina, Euskaltzaindiak esan zuen aurre ikerketa bat egin behar zela, gauzak normalizatzeko. Udalak eta Eusko Ikaskuntzak deitu zuten beka geroago, duela bost urte. Mirugainen lana orraztea eta horretarako dokumentazio historikoa berreskuratzea izan da nire lana. Zelan izan da ikerketa prozesua? Udalean bertan egon den dokumentaziora jo dut, eta baita Batzar Nagusietara, Foru Aldundira... Kultura Ministerioko artxibo probintzialean ere arakatu dut. Informazio interesgarria Durangoko eta Gasteizko jabego erregistroetan topatu dut. XIX.mendearen amaierako datuak zeuden, eta garai horretan toponimia arloan aldaketak eta fijazio batzuk egon ziren. Dokumentuotatik gaurko erabilerara asko aldatu dira leku izenak? Bai. Apur bat atzerantz joanda izugarrizko aldaketak ikusi genitzake. Esate baterako, kale bat dago Basogai izenez ezagutzen dena. Baso baten eta gain baten inguruko zer edo zer esan nahi duela ematen du. Idatzietan, 1960ko hamarkada bueltan, Basobai terminoa agertzen da, eta XX. mendearen hasieran Basoebagi agertzen da, eta erderazko \"motecalvo\"ren berdina da. Lehen baso bat egon zen, eta ebaki egin zuten. Datu horiek edukita oso erraza da toponimo horren azalpen historikoa ematea, baina datu barik oso arriskutsua da. Jendeari asko gustatzen zaio berben jatorria jakitea, eta horretan dokumentu zaharrek asko laguntzen dute. Arautzeko orduan nork irabazten du, erabiltzen den berbak ala jatorrizkoak? Ez da erraza. Erabakiak hartu behar izaten dira banan-banan, aztertuta zein izan den lehenengo forma, bitartekoa, orain erabiltzen dena… Euskaltzaindian bertan, onomastikako batzordean erabakiak bana-banan hartzen dituzte. Nahiko kontu iskanbilatsua da. Fisika kuantikoa, adibidez, ez dugu erabiltzen eguneroko berbetan, baina hizkuntza bai. Gure herria ondo ezagutzen dugu, eta pentsatzen dugu berbak horrela direla eta horrela esaten direla. Hori ondo dago, gure herriko altxorra gure egiten dugulako. Hainbat uste daudelako, batzuetan okerrak. Lan honen funtzioa hori ere bada; ni ez naiz inor esateko zelan esan behar diren gauzak. Izen horien inguruko datuak eman ditzaket, iturri historikoak kontutan hartuta. Herrian izenen jatorrien inguruko teoria asko daude, beraz. Bai, gure herriaren izenagaz beragaz ere bai. Herria fundatu zeneko dokumentaziorik, tamalez, ez dago. \"Otso handitik\" datorrela uste izaten du jendeak, eta XIX.mendeko historialariek ere hori esaten zuten. Alde filologikoari begiratuta, Zeberiogaz alderatu genezake Otxandio, forman parekotasuna daukatelako. Zeberioko iturrietan ikusi dugu Seberiano dagoela atzean, eta horren atzean Seberio izena dago. Otxandion badugu Otxandiano forma, (\"–ano\" hori euskaldun-euskalduna da) eta Otxando Erdi Aroko izenetik etorri daiteke. Otso berba ere badauka izen horrek, eta latinez Lupus da. Gaztelerazko Lopezen parekoa izango litzateke Otxando. Beraz, teoria filologikoek diotenez, jatorria otso hitza daukan Otxandotik dator. Aita Otxandiokoa duzu, eta zu duela bost urtetik bizi zara bertan. Herria hobeto ezagutzen langundu dizu lan honek? Bai, asko. Horrelako lanagaz errealitatea hobeto ezagutu dut, baina ez lehenagoko errealitatea bakarrik, oraingoa ere bai. Otxandio Durangotik Gasteizerako bidean jarri zen. Bere nortasuna hori izan da, garraio asko pasatu da hortik, eta gerra asko eta gorabehera asko pasatu izan dira bertan. Bizkaitar askorentzako da azkeneko mugarria, baina bide ere izan da, eta horregatik, burdingintzaren inguruko giro ekonomiko handia sortu da; olak, errementariak, kateagintza… asko ikasi dut. Zergatik dira garrantzitsuak toponimiaren inguruko ikerketak? Leku izenetan gizakien arteko hartu-emanak, mundua ikusteko modua… zelakoak izan diren ageri zaigu. Horregatik lan hauek helburu pedagogikoagaz egitea oso garrantzitsua da; ondare hau transmititu egin behar da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!