Herritarren partaidetzarekin sortutako kultur lana

Anboto 2010ko urt. 19a, 13:32

'Otxandioko umeak Ala Kinkirrinera...' izeneko disko-liburuak joan zen abenduan ikusi zuen argia. Urte luzez jende askok egindako lanaren ondorioa da.

'Otxandioko umeak Ala Kinkirrinera...' izeneko disko-liburuak joan zen abenduan ikusi zuen argia. Urte luzez jende askok egindako lanaren ondorioa da. Otxandio eta inguruetako kanten bilduma kaleratu zuten 2003an, Emilio Donadok urteetan egindako bilketari forma emanez: Canciones populares vascas de Otxandio, Olaeta, Gatzaga, Legutio y Ubidea. Bertan, haur-kantekin loturiko atal bat zegoen, eta, hain zuzen ere, abesti horiek daude disko-liburu berri honen oinarrian. Herri Ikastetxeko umeek abestuta eta hainbat musikariren parte-hartzearekin, 23 kanta datoz barruan. Aitita-amamek abesten zituzten kantak, eskura dituzte orain Otxandioko belaunaldi berriek. 2007an, Irale eta Zenbat Gara elkartetik, irakasleentzako formazio ikastaroa antolatu zuten Otxandion; kanta, jolas eta herri-ipuinak zituzten langai. Hori lantzeko, egokiena Emilio Donadok egindako bildumatik tiraka hastea zela pentsatu zuten. Josu Zabalaren eskutik abiatutako ikastaro horren amaieran, irakasleek grabazioa egin zuten, baina zabaltzeko asmorik barik.

Ikastarotik liburura

Ikastaroko esperientzia ondo baloratu arren, "lana amaitu barik" zegoen sentsazioarekin geratu ei ziren antolatzaileak. Tradizioari geroko bidea emateko, lehenengo pausu hareekin jarraitzeak merezi zuela ondorioztatu zuten. Egitasmoaren bigarren zati honetan, lantegian jorratutako kantak gaur egungo moldera ekarri eta eskola-umeen ahotan plazaratzeko tresna sortzea izan zen kideen asmoa. "Aukera paregabea" iruditu zitzaien Otxandioko eta inguruko haur-kantak suspertu eta jendarteratzeko. Halako lan batek eskolako eremua gainditzen duela ulertuta, hainbat erakundetako ordezkari, eragile eta herritarrekin konpartitu zuten ideia, eta aurrera egitea erabaki zuten. Lan-taldeak osatu ziren ondoren, proiektuaren beharrei ahalik eta eraginkorren erantzuteko.

Bakoitzak beretik

Egitasmo honen ezaugarri nagusietako bat partaidetza zabala da. Disko-liburua batena izan beharrean, askorena dela esan daiteke. Herritarrei bertan parte hartzeko aukera eman zaie, eta horrenbeste iturritatik edanda, ekoizpen bete-betea dago kalean. "Herri-kulturaren zuztarrak makaltzeko arriskua ageri den globalizazio sasoiotan, geureari eutsi eta goratzeko saiakera" ere badago lan honetan, bultzatzaileen arabera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!