Andikona plaza eraberritzeko proiektua aho batez onartu dute

Anboto 2010ko urt. 19a, 10:17

Plaza berrian egokituko lituzkete Nestor Basterretxearen hiru eskulturak. Hala ere, proiektua diru-laguntzen menpe dago.

Plaza berrian egokituko lituzkete Nestor Basterretxearen hiru eskulturak. Hala ere, proiektua diru-laguntzen menpe dago. Aldunditik laguntza lortzen badute gauzatuko dute, bestela \"proiektua ezingo da ejekutatu esperotako epeen barruan\", Aritz Otxandianoren esanetan. Azkenengo udalbatzarrean Andikona plaza eraberritzeko proiektuari behin betiko onespena eman zioten, aho batez, ezker abertzaleak eta EAJk. Proiektuak 399.000 euroko inbertsioa eskatzen du eta finatziabidea lortzeko ditu buruhausterik handienak Udalak. Aldundiko bi sailetara eskatuko dute diru-laguntza: Agenda Lokal XXIera eta Hirigintza eta Udal-harremanak sailera. Datorren urtean, 2011n, Gerra Zibilean Otxandio bonbardatu zutenetik 75. urteurrena izango da eta ordurako plaza prest izatea nahi dute, Nestor Basterretxeak motibo horren inguruan egindako eskultura eta guzti: \"Gure esku dagoen guztia egingo dugu ordurako prest egon dadin, baina krisiak baldintzatuta gaude\", azaldu du Aritz Otxandiano alkateak. Proiektua aurrera badoa plazaren diseinu berriak goiko eta beheko aldeak berdinduko ditu. Izan ere, alde bien artean desnibela dago eta hori parekatzeko eskailera batzuk egingo dituzte goialdean alde batetik bestera. Eskaileren artean tartekatuta, harrizko bloke landuak ipiniko dituzte, estetika generalagaz armonian egoteaz gainera, eserleku funtzioa ere beteko dutenak. Argiztapena ere berriztatuko dute. Lanek orain plazaren zati bat hartzen duen eraikin bat botatzea aurreikusten dute. Sasoi batean okupa batzuk zeuden bertan. Dena dela, \"sartu zirenenan bazekiten etxe hori botatzekoa zela\", Otxandianoren esanetan. Herritarrek plazako proiektuaren maketa ikusi ahalko dute laster. Bolatokian erakusketa gela bat egiten dabiltza (kanpoaldeko urbanizazioa falta da). Erakusketa gela prest dagoenean plazaren hiru dimentsioko maketa bat ipiniko dute ikusgai eta herritarrek euren iritzia eman ahalko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!