Aldundiak ez die oraingoz baimenik eman abereendako larrea egiteko

Anboto 2010ko urt. 8a, 08:58

Mendikurkurren egin gura duten larrean pinadia dago, eta Aldundiak ez du oraindik bota gura.

Mendikurkurren egin gura duten larrean pinadia dago, eta Aldundiak ez du oraindik bota gura. Mendikurkur inguruan abereak bazkatzeko 10 hektarea inguruko larrea egin gura du Udalak. Lur-zati hartan pinadi bat dago, eta haiek botatzeko Aldundiaren baimena behar dute. Aldundiak ez diete baimenik eman, pinadia botatzeko oraindik goizegi dela argudiatuz. Aritz Otxandiano alkateari arrazoia eta egoera \"absurduak\" iruditzen zaizkio, eta lehenbailehen Aldundiko Basoen Saileko arduradun Peli Manterolagaz batzarra eskatzeko asmoa dute. Larrea egitea lortuko balute, bi izango lirateke Otxandion asmo horretara bideratutako larreak. \"Larreak baserritik bizi diren otxandiarrek zein abereak afizioz dituztenek erabiltzera zuzenduta daude, eta Mendikurkurrekoa ere horretarako litzateke\", zehaztu du Otxandiano alkateak. Mendikurkurrekoagaz batera San Bernabe inguruan beste larre bat egin gura zuten, baina kasu horretan ere Aldundiak ez die baimenik eman. Beraz, eremu hori garbitu eta behatoki antzeko bat egingo dute bertan. Izan ere, San Bernabetik oso ikuspegi onak daude Anbotora eta Gorbeara, besteak beste. Dagoeneko hasi dituzte behatokiko lanak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!