Urteroko ohiturari eutsiz, otxandiarrek Basobisita egingo dute igandean

Anboto 2009ko ira. 18a, 16:04

Iraileko hirugarren igandea da etzi eta, urteroko ohiturari eutsiz, herritar eta agintariek herriko mugarriak bisitatuko dituzte. Goizeko 08:00etan ipini dute hitzordua plazan.

Iraileko hirugarren igandea da etzi eta, urteroko ohiturari eutsiz, herritar eta agintariek herriko mugarriak bisitatuko dituzte. Goizeko 08:00etan ipini dute hitzordua plazan.

Plazatik irten eta Gomilazen talde bitan banatuko dira. Batzuk Aramaiogaz muga egiten duen eremura abiatuko dira. Han dagoen lur zati baten eskuduntzak eztabaidak sortu izan ditu. Otxandiarrek eta aramaioarrek bakoitzak eurena dela diote. Lur zati horrek Oletagaz muga egiten du eta Amaitermineraino ailegatzen da; bost kilometro karratu ditu, gutxi gorabehera. Ohi duten legez, aizkoragaz zonalde horretako zuhaitzak markatuko dituzte, lur zati hori Otxandiorena dela adierazteko. Ondoren, talde biak Amaiterminen batuko dira. Hamaiketakoa egin eta Anteparaluzetik herrigunera bueltatuko dira.

Aspaldiko auzia

Udalerri osoa ingurutu ondoren, akta-liburuan Otxandioko mugen berri jaso ohi dute. Limitaduaren auzibidea aspaldikoa da. 1557an Otxandiori horren jabetza aintzatetsi zioten, eta 1664tik aurrera herriko mugak egiaztatzeari ekin zioten eta gaur egun usadioari eusten diote. Arartekoak Limitadua bitan banatzea proposatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!