Kultur azpiegitura berria eraikitzeko egon daitezkeen alternatiba berriak aztertu gura ditu Udalak, zine zaharrak eskaintzen dituen aukerak nahikoa izan ez daitezkeelakoan. Kultur etxea egokitzeko egitasmoa lantzeko 85.000 euro zituzten gordeta; beste premia batzuetara bideratuko dituzte. “Herriko elkarteekin hainbat batzar egin dituzte, euren premiak aztertu eta gero egitasmoan jasotzeko.
“Antolaketa posiblea batzen zuen zirriborroa eskuetan izanda ikusi dugu zine zaharra txiki geratuko litzakeela”, azaldu du Aritz Otxandiano alkateak. Beraz, “ate guztiak” zabalduko dituzte berriro. Izan daitezkeen “alternatibak” aztertu eta garatu gura dituzte, gero berriro elkarteei aurkezteko.
Instituzioetatik aurreikusi baino diru-laguntza handiagoa jaso dutela ikusita —1,1 milioi eurotik gora—, atalak berregokitu dituzte udal arduradunek, aurrera irten dezakeen edo denbora beharko duen egitasmoa aztertuta. Azaroan hasitako hezkuntza zentroa handitzeko —495.000 euroko laguntza izan du— atala 1,1 milioira handitu da, eta Pasealekuaren teilaturakoa 425.000 eurora. Pasealekuaren teilatua eta Bolatokia —270.000 euro jaso dituzte— ez eze, Enparantza Nagusia ere berriztatu egin gura dute.
Ospital kaleko eta Alde Zaharreko mutur bietako erremate zein ur hornikuntza eta saneamendu lanekin lotuta 240.000 euro jaso dituzte —Alde Zaharreko muturren errematerako, beste 66.000—; Gaztetxeko lanetarako 75.000 euro.