Sasoiko baserriko produktuen — Idiazabalgo gazta, ahuntz gazta, ogia, pastelak…— eta artisau-lanen erakusleiho bihurtuko da, domekan, Enparantza Nagusia.
Hamarkada bete duen azokak 40 erakustoki inguru batuko ditu —baserriko produktuek beteko dituzte 25 inguru— eta Otxandioko ekoizle eta artisauak ez eze, Arratia, Durangaldea eta Lea-Artibaikoak ere etorriko dira. Iparraldetik foie ekarriko dute. Nekazaritza eta Artisautza Azoka 10:00ak inguruan zabalduko dute eta 15:00ak arte iraungo du.
Moxala burduntzian
Aizkolarien saioak eta trikitilariek berotutako jai giroak ez dute hutsik egingo domekan. Gainera, nobedade lez, moxal pintxoak eta arrazioak eskainiko dituzte, 12:00ak eta 13:00ak bitartean: “Bezperan, 22:00etan, hasiko gara moxala burduntzian erretzen. Biharamunean pintxoak eskainiko ditugu, eta arrazioak ere bai etxera eroateko zein Pasealekuan egokituko ditugun mahaietan jateko”. Bazkaltzeko gonbita luzatu dute.
Azokaren harrerarekin pozik daude, antolatzaileetako bat den Felix Ajuriak azaldu duenez, eboluzioa ikusita, batez ere: “Herritarrak pozik daude eskaintzarekin, eta baserritarrak ere behar beste saltzen duela ikusten du; erraza ez dena”. Herriaren “neurriko” azoka antolatu guran hasi ei ziren: “Gabonetako kontsumorako erakargarri izan daitezkeenak ekartzea eta baserritarrek eurek produzitutakoak saltzeko aukera izatea zen eta da orain ere helburua”.