Zergak eta tasak %2,5 igoko dituzte, oro har, 2009an, Kontsumo Prezioaren Indizearen azpitik (KPI). Horixe onartu du udalbatzarrak, aho batez. Hala ere, badago salbuespenik: Gorbeialdek kudeatutako zaborra batzeko zerbitzuaren gaineko tasa %6 igoko da eta ekonomia jardueren gainekoa %1,5etik %1,6ra.
Bestalde, udal araudi erregulatzaileen aldaketa ere onartu dute. Leku publikoa okupatzeagatiko ordaina eguneko kobratuko da —orain arte, hileko egiten zen—; 15 egun baino gutxiagoan okupatuz gero, gutxiago kobratzea ere jaso dute.
Eraikuntza eta obren gaineko zergarekin lotuta hainbat hobari gehitu dituzte; %95eko hobaria jaso dute gizarte-inguruabar edo inguruabar historiko-artistiko bereziak direla-eta, edo, enplegu edo txandakatzeko alojamendu iraunkorra sustatu behar dela-eta interes berezikotzat jotako eraikuntza, instalazio eta obretarako.
Era berean, %50era arteko hobaria izango dute babes ofizialeko etxebizitzekin lotutako eraikuntzek, instalazioek eta obrek; etxe sozialen sailkapena izanez gero, 95 euroko hobaria izango dute. Eremu publikoko ondasunetan gertatu daitezkeen kalteak konponduko direla bermatzeko metro koadroko 50 euroko fidantza jartzea ere onartu dute.