Basobisitari egingo dute aurten ere, domekan

Anboto 2008ko ira. 18a, 09:43

Herriko mugarriak segurtatzeko urteroko hitzorduari eutsiko die otxandiarrek etzi. Iraileroko hirugarren domekan izan ohi dute herritar eta agintariek basoak bisitatzeko hitzordua jarrita, eta aurten be ez die usadioari hutsik egingo.

Herriko mugarriak segurtatzeko urteroko hitzorduari eutsiko die otxandiarrek etzi. Iraileroko hirugarren domekan izan ohi dute herritar eta agintariek basoak bisitatzeko hitzordua jarrita, eta aurten be ez die usadioari hutsik egingo.

‘Limitadua’ erreklamatuko dute oraingoa ere, basobisitaren motibo nagusia. Bideari ekiteko 08:00etan elkartuko dira plazan. Alkatea, zinegotziak, danbor-jolea, udaltzaina, basozaina eta bake-epailea buru direla egingo dute herritar gehientsuenak batu ohi dituen ibilbidea.

Gomilazeraino bidea elkarrekin egin ondoren, Oletako bidea hartuko dute batzuek eta besteek Mekoletakoa. Amaiterminen batuko dira berriro, hamaiketakoa egin eta Anteparaluzetatik herrigunerainoko bidea egiteko.

Akta sinatzea


Hala ere, ogitartekoak eta ardaoa dastatzeko hainbat geraldi egingo dituzte. Tartean, Oletakoa. Bertan, agintariek eta gura duten herritarrek akta sinatzen dute Limitadua erreklamatzeko. Udalerri osoari buelta eman eta gero, akta-liburuan Otxandioko mugen barri jasotzen dute.

Mende luzez luzatu da Limitaduaren auzibidea; Arartekoak Limitadua zati bitan banatzea proposatu zuen. Hala ere, Otxandiori horren jabetza aintzatetsi zion 1557ko ebazpenaren defentsan, 1664tik aurrera herriko mugak egiaztatzeari eutsi zioten alkate eta udal agintariek.
Gaur egun, hasierako jabea zer udal izan zen argitzea ia ezinezkotzat jotzen dute.

Lehenengo dokumentutik hona 500 urte igaro diren arren, bai Otxandiok bai Aramaiok 1.200 hektarea horren gaineko jabetza erreklamatzen jarraitzen dute. Bizkaia edo Arabaren parte izatea ere badakar horrek, besteak beste. Otxandioren ia erdia hartzen du Limitaduak. Urkiola errekak erdibitutako zatian, gainera, herri eskola eta igerilekuak dagoz. Gutxieneko akordioa lortu arte, han bizi diren baserritarrek udal bi eta aldundi biren zergapetze bikoitza saihestu behar izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!