Hainbat mendizale batuko ditu zapatuan Miru Gain mendigoizale elkarteak antolatutako XIV. Iraupen Luzeko Ibilaldiak; Bi Handiak deritzanak. Herriko plazan irtengo dute mendizaleek, bihar 06:00etan, eta 11,5 orduko ibilaldia izango dute aurretik.
Otxandiotik Orixolerako bidea egingo dute. Anboto igo eta Urkiolara jaitsi ondoren, Otxandiorako bidea hartuko dute berriro handik Gorbeiara igotzeko. Ubidetik Otxandiora ailegatuko dira jarraian; jan-edana herrian izango dute parte hartuko dutenek. Denera, 56 kilometro inguru egingo dituzte, antolatzaileek jakitera eman duten moduan.
Euskal Mendizale Federakundearen iraupen luzeko ibilaldien zirkuituan sartuta dago Miru Gain elkarteak antolatutako mendi martxa hau, eta hainbat mendizale batu ohi du urtero. Parte hartzeko federatuta egotea gomendatzen dute Miru Gainekoek. Amaituta dago izena emateko epea eta egun berean egiteko aukerarik ez da izango.