Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu dute, behin behinekoan, Gobernu Taldearen botoekin. EAJ abstenitu egin da, besteak beste, Zine Zaharrari begirako planteamenduan “zalantzak” arrazoituz. “Konpondu gabeko arazoa” deritzo herrigunetik kanpoko txabolei ere.
Zine Zaharra “leku funtzionala” bihurtzea aurreikusi dute azken lau urteotan landutako plangintzan. Hala ere, EAJko Elixabete Etxanobek dinonez, eztabaida falta izan da elkarteengana jo aurretik: “Beharrezkoa da halako makroeraikina? Zer gertatuko da libre geratutako lokalekin”. Horiek birmoldatzea ez ote litzaken hobe galdetu du. Inbertsioa eta mantenu kostuak aitatu ditu: “Errealistak izan behar dugu”.
Aritz Otxandiano alkateak gogoratu du 1,7 milioiko inbertsioa beharko litzakeela, baina, zehazteko dagoela Udalak zer neurritan egingo dion aurre horri. “Laguntza eta finantzazio iturriak ikusi behar dira”. Argitu duenez, “aberastasun sozio-kulturala oso garrantzitsua” da herrian, eta atzean legoken kontseilu sozio-kulturala sortzea planteatu dela: “Kulturara bideratutako zati handi bat hortik kudeatuko litzake”.
Txabolen eraikuntza neurtzen duen ordenantza badagoela dio alkateak, eta arau “debekatzaileek” ez dutela arazoa konponduko. “Inpakturik ez sortzea eta lur konsolidatu ez bihurtzea” da helburua. Zehaztapenoi garrantzitsua deritzen arren, plan orokorrak ikuspegi orokorragoa izan behar duela dio. Ildo horretan EAJk dinonez, hainbat puntu “oso positiboak” eta “zehaztuak” direla aitortu arren, beste batzuk “beste era batera garatuko” lituzke.
Plan Estrategikoan batutakoak islatu gura izan dituztela esan du alkateak, eta Agenda 21eko helburuak ahalbideratu. “Garapen neurtua bultzatu dugu, nekazaritza lur ahalik eta gutxien birkalifikatu eta herriguneko guneak betez;, eta finantzazio bideak ere neurri baten batu dira. Pauso kualitatiboa eman dugu”.