Kalea garbitzeko makina erosiko du Udalak, kale garbiketa zerbitzua hobetu guran. Horretarako, prozedura eta baldintza pleguak onartu dituzte azken udalbatzarrean.
Prozedura negoziatu bitartez erosiko dute eta 85.000 euroko aurrekontua zehaztu dute. Bost urteko leasing baten bitartez ordainduko dute, Aritz Otxandiano alkateak azaldu duenez. “Orain arte gutxieneko batzuk bete dira kale garbiketa zerbitzuaren bitartez, baina sortutako arduren aurrean zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea erabaki dugu”.
Horren neurrien artean dago kalea garbitzeko makina erostea: “Gainera, kalea garbitzeko halako makina erabiltzeko aukera hobeak ematen ditu Alde Zaharra konponduta egoteak”, adierazi du alkateak. Mantenimenduko beharginen ardura izan da herriko kaleak garbitzea orain arte. Aurrerantzean, ordea, antolaketa berria egin dute eta langile batek horretan jardutea erabaki. Garbiketara ordu gehiago bideratu gura izan du Udalak.