Euskara erabiltzekoa deia luzatuko du Gazte Asanbladak zapatuan ospatuko den Udaberriko Jaian. Gaztetxean jaurtitako txupinazoak emango dio hasiera jai giroari, 11:00etan, eta jarraian bizikleta martxak irtengo du bertatik. Herrigunean egingo dute ibilbidea eta euskara erabiltzera deituko dituzte herritarrak, jakitera eman dutenez. Aurten euskararen aldeko jai bihurtu gura izan dute Udaberri Jaia.
Horren haritik, euskararen erabilera bultzatzeko makina bat ekitaldi batuko dituzte plazan goiz osoan zehar. ‘Euskaragunea’-k sortuko dituzte 12:00etan, umeentzako tailerrak eta euskararen egoeraz jarduteko mahai-inguruak batuz, esaterako. Horrezaz gainera, ‘Poteogunea’ ere sortuko dute. Goiz osoan zehar, euskara ardatz hartzen duen erakusketa ere izango da ikusgai: “Gaur egun, euskaraz bizitzeko dauden mugak islatuko dituzte: ikasketetan, zerbitzuetan… oraina eta lehena alderatu gura ditugu”, azaldu dute.
Ordainean, euskararen aldeko konpromisoa eskatuz txapak ere banatuko ditu Gazte Asanbladak, eta euskararen gaineko gogoetak islatzeko aukera ere eskainiko dute mural baten bitartez.
Triki-poteoa antolatu dute, 14:00etan, eta ondoren bazkaria ere egingo dute, Gaztetxean (hiru euroan eskuratu daitezke txartelak). Bazkalostean, berriz, hurreratuko direnei, ‘mihiluzean’ jarduteko gonbita luzatuko die antolatzaileek, jakitera eman duten moduan.
Batukada eta kontzertuak
Batukadak jardungo du gero, 19:00etan herriko kaleetan zehar, eta gaueko 23:00etan, berriz, herriko tabernek antolatutako kontzertua hasiko da, plazan. Gozategi eta Akerbeltz taldeek hartuko dute Udaberriko Jaiko gau giroa berotzeko ardura.