Euskararen aldeko jai bihurtuko dute aurten Udaberriko Jaia eta, “euskarak aurrera egiteko herritarren babesa behar duela jakinda”, euskararen aldeko konpromisoa eskatzen duten txapak banatuko ditu Gazte Asanbladak. “Euskararekiko herritarren gabeziak agerian utzi ondoren, gabeziok gainditzeko motibazio eta baliabideak eskaini guran” abiatutako kanpainaren baitan helduko die ekimen horri.
Aratuste inguruan, euskararen eskelak kaleratu eta hileta antzeztu zuen Gazte Asanbladak. Era berean, kaleetan jarritako kartelak erdaratu zituzten, eta herriko sarreretan ‘Bienvenido al pueblo español’ zioten kartelak jarri.
“Norberak euskaldun lez dituen gabeziak erakutsi guran min ematea” izan zuten helburu. Bandoa ere kaleratu zuten, “euskararen hiltzaileak herritarrak zirela argi utziz eta hilketa hori ospatzeko eskatuz”. Orain, ekainera bitartean luzatuko den kanpaina berria hasi dute. Horretarako eta “euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarriari bultzada berria” eman guran, euskararen aldeko jai bihurtuko dute Udaberriko jaia, apirilaren 12an, kanpaina abiatzeko ere aprobetxatuz.
‘Euskaraguneak’
Aitatu dugunez, txapak banatuko ditu Gazte Asanbladak euskararen aldeko konpromisoa eskatuz. Era berean, Euskaraguneak eratuko ditu, “euskararen geroa normalizatua izan dadin euskara hutsezko erabilera guneak sortu eta garatzea ezinbestekoa” dela iritzita: “Euskaragunearen zigilua eroango duten hainbat ekitaldi eratuko dira haur, gazte eta helduentzat, eta parte hartzeko baldintza bakarra horixe izango da: euskara erabiltzea”.
Aurrerantzean ere jarraitu egingo dute ekimenarekin. “Gazte jergaren liburua be kaleratu gura” dutela jakinarazi digute.