Aurrekontuaren ia erdia batzen dute inbertsioek

Anboto 2008ko ots. 6a, 12:23

Udalak 2,98 milioi euroko aurrekontua izango du 2008an, 1,43 milioi inguruko inbertsio atala batuz. “Nahiko anbizio handiko” kontuak dira eta “gestio ahalegin handia” eskatuko dutenak, Aritz Otxandiano alkatearen berbetan. EAJ abstenitu egin da.

Udalak 2,98 milioi euroko aurrekontua izango du 2008an, 1,43 milioi inguruko inbertsio atala batuz. “Nahiko anbizio handiko” kontuak dira eta “gestio ahalegin handia” eskatuko dutenak, Aritz Otxandiano alkatearen berbetan. EAJ abstenitu egin da.

Gastuak “beste modu batera” egituratuko lituzkeela arrazoitu du EAJk, “maniobragarritasun handirik” ez dagoela eta “diru-laguntzei oso lotuta” daudela onartu arren. Atzekolandetako zubia konpontzeko dirua bota du faltan EAJk, eta, kultur etxea egin gura duten zine zaharraren jabea ez dela Udala ere gogoratu da; 85.000 euro gorde dituzte horretarako. Gobernu Taldeak, berriz, arau subsidiario berrietan erabilera sozio-kulturaleko eraikin lez jasota dagoela argitu du, eta eskuratu daitekeela.

Mainondo herri eskolako handitze-lanek eskatuko dute, baina, inbertsio potoloena: milioi bat euro; Hezkuntza Sailak 600.000 euroko laguntza ematea aurreikusi dute eta Mendikoi elkarteak 115.000koa. Haurtzaindegia eta gimnasioa ere hartuko ditu egingo duten eraikin berriak.

Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin hainbat hirigintza lan ere egin gura dituzte, 200.000 euro bideratuz: Batetik, Uribarrenetik Atzekolandetara eta, bestetik, Arrabaleko zubia asfaltatu egingo dute eta zintarriak jarri; berdin Letxeriatik biribilgunera. Alde Zaharreko lanak ere amaitu gura dituzte eta, Mainerrota ez eze, Antonbentatik igerilekuetara eta Andresa Landatik Letxeriaraino.

Paseolekuko teilatua ere konpondu gura dute (55.000 euro) Jaurlaritzan eskatutako 44.000 euroko laguntza lortuz gero, eta Gaztetxearen konponketa lanei aurre (30.000 euro) egin ere bai (Jaurlaritzatik 21.000 euro aurreikusi dituzte). Zine zaharra eraberritzeko egitasmoa eta San Bernabe eta San Martin inguruak berreskuratzeko egitasmoa (11.600 euro) ere jaso dituzte.

Euskara teknikaria (22.500 euro) eta arkitekto aholkularia (50.000 euro) kontratatzea ere aurreikusi dute . Kaleak garbitzeko makina ere erosi dute (bost urtean ordaintzeko).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!