Plan estrategikoa garatzeari begira moldatu du batzorde eraketa udalbatzak

Anboto 2007ko uzt. 2a, 14:49

Otxandioko plangintza estrategikoa garatzeari begira moldatuta egin berri du batzorde eraketa udalbatza berriak. Hala ere, azken legealdian bezala berean mantendu dituzte Ogasuna eta Presoak batzordeak; baita Euskara batzordea ere. Plan estrategikoak azken hori, euskara, ere badauka lan ildo moduan zehaztuta; hala ere, “berezko garrantzidun” gaia izanik horretarako beren beregi batzordea mantentzea erabaki du Gobernu Taldea.

Otxandioko plangintza estrategikoa garatzeari begira moldatuta egin berri du batzorde eraketa udalbatza berriak. Hala ere, azken legealdian bezala berean mantendu dituzte Ogasuna eta Presoak batzordeak; baita Euskara batzordea ere. Plan estrategikoak azken hori, euskara, ere badauka lan ildo moduan zehaztuta; hala ere, “berezko garrantzidun” gaia izanik horretarako beren beregi batzordea mantentzea erabaki du Gobernu Taldea.

Aitatu ditugun batzordeoz gainera, Otxandiorako plan estrategikoak zehaztutako lan ildoak jarraituta beste bost batzorde informatibo osatu dituzte: Kultura, Zerbitzuak (besteren artean, Gizarte Ongizatea eta Kirola ere batzen dituena), Hirigintza eta Etxebizitza, Landa Garapena eta Ingurumena eta Garapen Ekonomikoa, hain zuzen.

Batzordeburuak ere izendatu dituzte. Batiak hartu du guztien ardura: Aritz Otxandiano alkateak hartu ditu Ogasuna eta Hirigintza eta Etxebizitza batzordeen ardura. Presoak eta Euskara batzordeen buru da Idurre Alonso, eta Txomin Bengoa, berriz, Kultura batzordeburu. Zerbitzuak Santi Uribek eroango ditu, Landa Garapena eta Ingurumena batzordea Alberto Ionak eta Garapen Ekonomikoa Iñaki Urigoitiak. Azaldu dutenez, batzorde batzuen ardura eroateko ardura proposatu izan diote EAJri, hala ere, ez hartzea erabaki dute.

Gobernu Batzordea ez osatzea erabaki du Gobernu Taldeak “gardentasun” eta “garbitasun” irizpideak jarraituz, erabakiak oro har udalbatzarretik igaro daitezen. Ohiko osoko bilkurak, bestalde, hil bakoitzeko bigarren eguenean egingo dituzte, 20:00etan.

Azkenik, osoko bilkuraren eskumenetan, udal gaindiko erakundeetarako udal ordezkariak ere izendatu dituzte. Besteak beste, Otxandioko Juntaren lehendakari da alkatea; baita Otxandio XXI enpresa publikoko administraziokoa ere. Hala ere, alkateaz gain, biotan ordezkari bana izango dute Batiak eta EAJk. Alderdi bakoitzeko ordezkari bana izango dute Gorbeialdeko Partzuergoan; eta, Landa Garapenerako elkartean eta Erralde elkartean, berriz, Batiako ordezkaria egongo da. Oro har, Otxandiok ordezkari bat duen erakundeetan Batiak hartu du ordezkaritza; bi dituenetan, berriz, alderdi bakoitzeko bana egongo da. Irizpide horixe jarraitu dute Durangaldeko Mankomunitateari dagokionez ere.

Jardun osoan ez da alkate izango Aritz Otxandiano; eta hiru alkate-orde izendatu dituzte: Txomin Bengoa, Idurre Alonso eta Alberto Iona, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!