Bertsozale gazteen eguna ospatuko dute Otxandion

Anboto 2007ko mar. 23a, 09:36

Bizkaiko 120 bertsolari gaztetik gora batuko ditu bihar, Otxandion, Bertsozale Gazteen IV. Egunak. Eguraldiak laguntzen badu, eguerdian hasi eta gauera arte, jai-giroa nagusituko da, bertsoa dela atxaki.

Bihar, Bizkaiko Bertsozale Gazteen IV. Eguna ospatuko dute Otxandion. Goizetik gauera arte, jai-giroa nagusituko da herriko txoko guztietan. Hotzaren erresuman, egun pasa beroa egiteko modua izango da: jana, edana, barriketa, musika eta bertsoa. Hotzikarei aurre egiteko menu aparta, inondik ere.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lagun-talde baten ekimenez eta Otxandioko Udaleko Euskara Zerbitzuaren, Otxandioko Gaztetxearen eta hainbat herritarren laguntzarekin antolatu dute biharko jaia. Guztira, Bizkaia osoko dozena bat bertso eskolako ikasleak, maisuak eta bertsolariak batuko dira. Iaz, 140 bat lagun elkartzea lortu zuten, eta aurten, kopuru hori berdintzea gatxa ikusten badute ere, ez direla hurrun ibiliko dinoe: “Arazo nagusia eguraldia da. Denok ere , noizik noizera, zerura begiratzen gabiltza, ea egunak argitzen duen. Hala ere, iazko zenbakietatik ez gara aparte ibiliko, eta 120 bat lagun batzea itxaroten dugu”, azaldu du Beñat Ugartetxea antolatzaileetako batek.

Dena dela, jai-giroa bertsozale guztien artean sortu beharreko zeozer da. Ildo horretatik, “otxandiarrei, inguruko herrietakoei zein bertsozale denei jaian parte hartzeko gonbita luzatzen diegu”.

Musika hotsa eguerdian hasiko da. 12:00etan, triki poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. Bazterrak astindu ondoren, 14:30ean bazkaritara batuko dira. Ostea arintzeko, bertso emankizun laburrak izango dira: “Bertso eskola bakoitzak zerbait prestatuta eroango du, eta bazkalostean erakutsiko dute”. Saio arinak eta entretenigarriak izango dira.

Arratsaldean, barriro ere, festa herri osora zabalduko da. Bertso poteo berezi bezain sekretuan, tabernarik taberna ibiliko dira kantuan: “Taberna bakoitzean, bertsolari jakin batzuk lanean ipiniko ditugu. Egoera berezietan bertsotan egitera behartuko dira”, aurreratu du Ugartetxeak: “Geuk ere ez dakigu ondo zelan gauzatuko den kontua, sekretupean dago. Beharbada, geuri ere egokituko zaigu bertsotan egitea”. Iluntzean, 21:00ak aldera, bertso poteo-desafio berezi horren finala jokatuko da.

Herri txiki eta batua

Bertsozale Gazteen Egunak orain bost urte aurrera eroandako Txapel Bete Bertso ekimenean dauka sorburua. Ekimen haren balorazioa egiteko Igorren batu ziren, eta ondoren, Otxandiora joan ziren bazkaltzera: “Han izugarrizko festa sortu zen ezer antolatu barik. Orduan, bertsozaleok elkartuko gintuen modu horretako festa bat egitea ederra izango litzatekela pentsatu genuen”, gogoratzen du mallabiarrak. Lehenengo aldiak harrera beroa izan zuen eta, “urterik urtera, geroago eta jente gehiago batzen da”.

Jaietarako Otxandio aukeratu izanak badauka bere zergatia: “Herri txikia eta bildua da. Horrek antolaketa lanak erraztu egiten ditu. Aurreko hiru aldiak ere herri txikietan egin dira: Larrabetzun, Munitibarren eta Aulestia. Emaitza onak emon dizkigu eta ildo horretatik jarraitzea erabaki dugu”. Larrabetzu, esaterako, Bilbotik hurrean dagoenez jendea bertaratzeko aukera gehiago dago. Otxandiora, ordea, joan egin behar da, Urkiola gaina pasata. Hala ere, bertsozaleek erantzungo dutela espero dute antolatzaileek.

Bertso eskolak

Esandako moduan, Bizkaiko 12 bat bertso eskoletako ordezkaritza izango da Otxandion. Durangaldean, lau bertso eskola daude: Abadiño, Elorrio, Iurreta eta Berrizkoak. Iaz, lagun batzuen ekimenez, Ermuan ere bertso-hazia ereitea lortu zuten. Beñat Ugartetxea da, hain zuzen ere, Ermuko eskola martxan jarri duenetako bat. Iaz, 13 gaztek emon zuten izena, eta aurten ere, antzerako kopuruarekin dabiltza lanean.

Oro har, Ugartetxeak bertso eskolak egoera onean daudela uste du: “Telebistak, irratiak eta hedabideek, orokorrean, asko laguntzen dute bertsoa hedatzen. Esango nuke bertsoaren bigarren boom bat bizi dugula”. Bertsolariak trebatzeko zeregin horretan, bertso eskolen lana premiazkoa ikusten du: “Bertso eskola barik gatxa da bertsolariak ateratzea. Ale batzuk irten litzatekez han-hemenka, baina beti ere kasu bereziak izango dira. Geu ere eskolatik irtendakoak gara. Beraz, bertso eskolen lana funtsezkoa iruditzen zait”.

Eskolen lana baliagarria izan daiten, lehenengo urratsa ikasleen edo gurasoen aldetik etorri behar da. Izena ema ezik eta mundu hori ezagutzera ausartu ezik, alferrik da eskola berriak sortzea. Ugartetxearen ustez, eskoletako ikasle maila ez da jaitsi azken urteetan: “Ermuan, esaterako, iazkoari eutsi diogu. Nire inguruan, nik ezagutzen dudan zonaldean, kopurua mantendu egin da, neure iritzian”.

Durangaldea, aspaldiko partez, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finaletik kanpora geratu da. Hala ere, horrek ez du esan nahi hemengo bertsolarien maila baxua denik, Kristina Mardaras, Iurretako Bertso Eskolako gidariaren esanetan: “Maila badago eta bertso eskoletan lana ondo egiten dela uste dut. Gure helburua ez da derrigor bertsolari txapeldunak ateratzea. Bertsozaleei, bertsoa gustuko dutenei, bertsotan aritzeko aukera ematea ere bada gure asmoa”. Azken iritzi honekin bat egiten dute eskualdeko gainerako hiru bertso eskoletako irakasleek ere.

Azkenik, Durangaldeko eskolen artean ekimen amankomunak egitea ideia ona izango litzatekela uste dute; beti ere, ekimena denendako komenigarria bada.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!