Bariku iluntzero eta zapatu nahiz domeka eguerdietan mokadu bat jan, tragoren bat hartu eta lagun artean egoteko geratzen diren zazpi-zortzi bikotek osatzen dute Mañariko kuadrilla, eta denboratxoa daramate plana antolatzen. Kilometroa eskuratzeko dirua apurka batu dute, "poltsikoari min gutxiago egiteko". Barikuro bosna euro ipintzen hasi ziren, eta orain hamarna ipintzen dute.
Kuadrillan denak jubilatuta daude, Areitio salbu, baina berari ere gutxi geratzen zaio erretiroa hartzeko; aurten 65 urte egingo ditu. Erronka polita dute aurretik. Mañariko autobus geltoki inguruan jasoko dute testigua eta eurek ekingo diote Urkiola mendateari. Beraz, zati bat aldats gora egingo dute. Areitiok ondo ezagutzen du bidea, egunero egiten duelako, baina kotxez, beharrera joateko. Korrika egitea beste kontu bat da. "Urteek ez dute barkatzen", baina erronkari aurre egiteko "prest" dagoela dio. Sasoi batean, korrika ere ibiltzen zen. Edozelan ere, edozein ustekabekoren aurrean, B plana pentsatuta dauka: "Testigua jende gazteari eman eta kito". Egin beharreko bidea negoziagarria da, beraz, baina janzkera ez. Orain 11 urte jantzi ziren moduan jantziko dira, ingurukoek ere halantxik eskatu dietelako.
Euskarari bultzada emateko eta lagun artean egoteko baliatuko dute Korrika. Martxoaren 22an ez da girorik faltako herrian. Lehenengo, Korrika heldu aurretik, 20:30 inguruan, Ratapunk elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleak girotzen. Korrika 22:45 ingurun igaroko da Mañaritik, eta herriko hainbat elkartek ez ezik, Mañariko lagun kuadrillak ere eramango du testigua. Ondoren ere badago zegaz gozatu. Izan ere, 23:30 inguruan, Xabier Solano eta Zigor DZ musikariek kontzertua emango dute, plazan.
Kuadrillako kidea den Juan Carlos Elguezua testiguagaz, 2013an. Bere ondoan, Pedro Areitio.