Bigarren legegintzaldiari ekin diozu Mañariko Udalaren gidaritzan. Zer moduz?
Nire lehenengo legegintzaldia erronka bat bezala hartu nuen. Hasiera guztiak zailak dira eta hasiberriei aukera eman behar zaie. Denbora behar da martxa hartzeko. Gainera, tartean pandemia bat izan dugu. Baina legegintzaldia sentsazio onarekin amaitu nuen, bai pertsonalki eta baita taldean ere. Bigarren legegintzaldi hau oso gogotsu hartu dut eta aurretik ikasitakoarekin errazagoa da. Ni disfrutatzen ari naiz eta ahal den ondoen egitea da asmoa.
Zelan doaz 2024ko aurrekontuak?
Aurrekontuen lehenengo zirriborroa azaroaren hasierarako egin genuen, oposizioarekin aztertzeko. Beti eskua luzatzen dugu batzordetik kanpo azalpenen bat behar badute. Batzordera ere eramaten da gero. Ez dute aparteko azalpenik eskatu, eta aurreko astean batzordetik pasatu genuen. Suposatzen da gaur bertan egingo dugun osoko bilkuran onartuko direla.
Zeintzuk dira 2024rako aurreikusi dituzuen lan ildoak eta inbertsioak?
Aparkaleku berria egin eta plazakoa asteburuetan herritarrentzat izatea gura dugu. Kirikiño kaleko trafikoa moteltzeko neurriak hartzea ere garrantzitsua izango da. Urtez urte auzo bideak konpontzen joan gara eta datorren urtean ere jarraituko dugu. Bestalde, hilerrian azterketa geologiko bat egin behar dugu, zati bat hondoratzen ari delako. Azterketa horren ondoren emaitzak ikusiko ditugu eta hilerriko konponketak ere egin nahiko genituzke.
Legegintzaldiari dagokionez, zeintzuk dira lau urte hauetarako erronkak?
2024rako esandako guztiez gainera, frontoia berriztatzea aurreikusita daukagu. Trantsizio energetikoari ere bultzada bat eman nahi diogu, aurreko urteetan pausoak eman ditugun arren. Herriko dendari ere aukera bat eman nahiko genioke. Mañariko toponimiaren mapa ere egin nahiko genuke, eta antzinako euskararen inguruko azterketa. Horixe da buruan duguna.
Sasoi batean medikurik barik egon zarete. Zein arazo izan duzue eta zein da egoera momentu honetan?
Arazoa udan etorri zen. Gure sendagileak oporrak hartu zituenean, opor horiek ez zituztela ordezkatuko jakinarazi ziguten. Beraz, aste tarte batzuetan medikurik gabe egon ginen. Baina irailean sartu ginenean eta normaltasunera bueltatu ginenean, gure sendagileak baja hartu zuen. Baja hori ordezkatu gabe geratu zen. Egoera horren aurrean, mañariarrek eta izurtzarrek, mediku txanda Durangon hartzeko, egunean bertan hartu behar zuten. Ezin zen txanda hartu astelehen batean ostiral baterako, adibidez. Txanda guztiak beste mediku guztien artean banatzen zituzten. Urrian ere berdin jarraitzen genuen. Egoera horren aurrean, Mañariko eta Izurtzako herritarrek elkarretaratze batera deitu zuten, eta, egia esan, oso eraginkorra izan zen. Oso mobilizazio jendetsua izan zen. Horren ondoren, medikua ordezkatu zuten, eta, oraingoz, badaukagu medikua. Herritarrek idatziz ere sartu zituzten kexak. Orain normaltasunera itzuli gara.
Uste dut oporrak heltzen direnean berriro ere medikurik gabe gera gaitezkeela. Osasun Sailetik eta Durangaldetik esan digutena da ez dutela baliabide pertsonalik. Baina hau ez da oraingo kontua. Pandemia aurretik ere bazekiten pertsonal falta handia daukatela. Osakidetzan egoera hori bideratzen saiatu beharko dira.
Zein mediku zerbitzu daukazue?
Medikua eta erizaina egoten dira, 10:50etik 12:00etara.
Kirikiño kaleko errepideko trafikoaren abiadura arazo handia da Mañarian. Zein planteamendu mahaigaineratu duzue arazo horri irtenbidea emateko?
Gai honekin aspaldi hasi ginen. Orain hiru bat urte, herrigunetik ibilgailuak zein abiaduratan pasatzen ziren ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ginen. Arrisku handia zegoela ikusita, argi genuen ez genituela nahi Izurtzarako hartutako neurriak. Hau da, ez genuen nahi kotxerik gelditzea errepidea inork pasatuko ez badu. Hasieran, herriguneko pabimentu guztia altxatzea eta oinezkoentzako moduan jartzea zen gure proposamena, baina Bizkaiko Foru Aldundiak hasieratik esan zigun hori ez zela posible. Horregatik joan ginen Iurretako eredura. Hura ere errepide nazionala da. Baina esan ziguten hori baimentzeko instrukzio berezi bat egin behar zela. Gaur daukagu batzarra prozesu hori zelan doan jakiteko. Gure proposamena zehatza da: herri sarreran, erdian eta irteeran, espaloiraino goratutako zebrabideak egitea. Horrela, trafikoa mantsotzea derrigortzen da. Badakigu udalak ordaindu beharko duela, baina uste dugu egunerokotasunean onura handia ekarriko duela herritarrentzat. Kotxeak abiadura handian pasatzen dira. Semaforoak gorrian pasatzen dituzte. Gainera, kamioien joan-etorria handitu egin da. Neurri inportantea da.
2024ko egitasmoetariko bat aparkaleku berria egitea da.
Proiektu hori aspalditik eginda dago, udalak duen lursail bakarra herri sarrerako parkean dagoelako. 2019rako egin zen proiektua, 33 plazako aparkalekua egiteko. Herrian aparkatzeko arazoa ez da asteburuetakoa bakarrik. Egunerokotasunean ere egoten dira aparkatzeko arazoak, plaza ondoko parkinga txiki geratu delako. Beheko beste aparkalekua ere txikia da. Oraingoz, Arzubiko aparkalekua daukagu, baina etorkizunean etxebizitzak aurreikusita daude, eta, gainera, ez da udalarena. Udalak ez ditu ateak itxita. Beste aukera batzuk ere baloratzeko prest gaude.
Zein fasetan dago aparkalekuaren proiektua?
Plan orokorrarekin mugatuta gaude. Behin betiko onarpena egitea tokatzen da, baina Bizkaiko Foru Aldunditik aldaketa batzuk egiteko eskatu ziguten. Oraintxe bidali eta hiru hilabete beharko lituzkete erantzuteko epe moduan. Ondoren, behin betiko onarpena jasoko luke. Beraz, datorren urtean zehar egiteko proiektu bat izango litzateke.
Etxebizitzari dagokionez, gazteek badute aukerarik herrian geratzeko?
Mañarian dagoen arazoa da etxebizitza huts asko dagoela, eta jabeek ez dituztela alokatu nahi. Orain, agian mugimendu gehiago dago, baina lehengo mentalitate horrekin gaude. Udalak, modu batera edo bestera, gai honi heldu behar dio, herriko gazteek eta nagusiagoek ere Mañarian geratzeko gogoa daukatelako. Kanpotik etorri den jende kopurua ere asko handitu da. Arzubian etxebizitzak eraikiko direla aurreikusita dago, baina epe ertain-luzera begira izango litzateke.
Rafaren denda itxi zenetik, hainbat ekimen martxan ipini duzue denda zabalik mantentzeko. Merkataritzak zein garrantzia dauka herri txiki batean?
Oso garrantzitsua da. Egia esan, denda itxi zenetik jendea ohitu egin da zerbitzu hori gabe bizitzen. Inguruko herrietan egiten dituzte erosketak, Durangon, Iurretan zein Abadiñon. Baina datorren urtean beste saiakera bat egin nahiko genuke ea baten bat animatzen den. Saiakerak egin dira eta jendea interesatuta egon da, baina azkenean ez dira aurrera atera. Gaur egun, erabilera bat ematen zaio: astelehenetan produktu ekologikoen otzarak eta produktuak banatzen dira bertan. Oso erantzun ona izan du, hasieratik. Baina iruditzen zaigu horrez gainera beste produktuak erosteko aukera ere izan beharko lukeela herriak. Oso limitatua izango litzateke. Agian ez litzateke zabalik egongo egunero, ezta egun osoan ere. Baina aukera hori egongo litzateke behintzat. Datorren urte hasieran berriz ere esleipenera ateratzeko asmoa daukagu. Ea baten bat animatzen den.
Urkiolan 4,1 hektareako baso bat erosi zuen udalak. Zein helburugaz?
Txaboleta lursaila 2021ean erosi zen. Bere garaian, Mañariak lursail asko izan zituen, baina pribatizatu egin ziren. Aukera hau sortu zen, bertako baso autoktono bat bertako espeziekin sortzeko. Lurgaia Fundazioarekin hitzarmena sinatu genuen eta bi urteko prozesua izan da, lurra prestatu eta boluntarioekin landaketak egiteko.
Zein harrera izan dute prozesu parte hartzaileek?
Urtez urte prozesu parte hartzaile ugari egin dira. 2019an kirolgunearena egin zen, 2020an dendaren ingurukoa izan zen, zein denda mota nahi zen erabakitzeko, eta 2022an hirigintzako obrak alde batera utzita herritarrek zer nahi zuten jakitea izan zen helburua, herri bizia izan dadin. Azken prozesuan ondorioztatu zen kultur eskaintza nahi zutela, herri giroa bultzatzeko. Kultur astea indartzen joan gara. Kafraga elkartearen bidez ere Albokanrola antolatzen da eta data zehatzetan ere ekitaldiak indartzen saiatzen gara.
Zein pauso eman behar da Mañaria herri bizia izaten jarraitzeko?
Uste dut merkataritzak bere pisua daukala. Ostalaritzan ez daukagu arazorik, baina ostalaritzarik izango ez balitz, arazo bat egongo litzateke. Era berean, oso garrantzitsua da osasun arloko arreta zerbitzua izatea, eta baita beste zerbitzu batzuk ere: kirol eskaintza anitza, haurreskola bat izatea... Ez daukagu eskolarik, baina gure herriko haurrak Iurretara joaten dira, eta badugu garraioa. Gertutasunagatik gai hori ondo bideratuta dago. Kolokan geratzen zaiguna etxebizitzaren gaia da. Gai hori bideratuz gero, uste dut herriko jendeak bertan geratu nahi duela.
Jasangarritasunaren arloan, zein pauso eman duzue?
Lehenengo pausoa frontoiko teilatuan plaka fotoboltaikoak jartzea izan zen. Ondoren, berogailu sistema gas bidezkoa genuen. Depositu bat udal eraikuntza, frontoia, herriko taberna eta haurreskola hornitzeko. Beste depositua, kultur etxerako eta Errekondorako. Dagoeneko bi sistemak aerotermiarekin ditugu. Orain asmoa da kirolgunean errekuperatzaile batzuk ipiniz berotasun sistema ezartzea.