Gaur, 12:00etan, egindako osoko bilkuran, Ainara Otxotorena izendatu dute Mañariko alkate. Otxotorenak EH Bilduko lau zinegotzien bozka jaso du eta horrela, bere bigarren legegintzaldia hasi du alkate moduan.
“Mañaria ondo doa, hauteskundeetan herritarron babesa jaso genuen eta hemen hasiko da beste legegintzaldi berri bateko ibilbide polita. Udalean lanean egongo den taldea berriztu dugu, indarberritu egin gara, eta kalean inoiz baino babes handiagoa eta ilusio handiagoa sentitu dugu. Pertsonalki, herritar guztientzako erreferentea izan nahi dut, udalean eurentzako lanean ari den herritar-ordezkaria, herritarrokin berba asko eginda gauzak aurrera ateratzen dituena”, adierazi du Mañariko alkateak.
“Niretzako, alkate lez, erronka berri bat izango da. Exijentzia maila altuagoa izango da, jada ezagutzen dudalako udala eta hainbat proiektu ditugulako esku artean. Programa erakargarria egin dugu, errealista eta proposamen askorekin, adar guztiak ukitzen dituena. Programa betetzea erronka polita izango da eta hori betetzeko lanean hasiko gara bihartik aurrera”, gaineratu du Otxotorenak.