Mañarian umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta 25 urtetik gorakoak, aldiz, gutxien darabiltenak

Joseba Derteano 2018ko ots. 21a, 15:25

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak euskararen kaleko erabilera neurtu du 76 udalerritan, tartean Mañarian. Herri denak kontuan hartuta, euskararen batez besteko kale erabilera %65 da, eta Mañarikoa portzentaia horren gainetik dago apur bat: %66,4.

Adin tarteei erreparatuz gero, euskara gehien darabiltenak 14 urtera arteko gaztetxoak direla erakusten du neurketak: %85,7. Ondoren, 24 urtera artekoak (%71,9) eta 65 urtetik gorakoak datoz (%60,5). Mañariko kaleetan entzundako 1.183 solasaldiren emaitzak jasotzen dituen neurketa horren arabera, 25-65 urte arteko adin tartean erabiltzen da euskararik gutxien kalean: %55,1.

Datu hauetatik ondorioak ateratzeko, euskara dakitenen kopurua jakitea garrantzitsua da. 2011ko ikerketa baten arabera, mañariarren %80k daki euskaraz.

Umeekin euskara gehiago
Nagusien solasaldietan umeren bat tarteko dagoenean, portzentaiak gora egiten du. Hau da, nagusiek euskara gehiago egiten dute umeekin badaude. Helduen eta haurren arteko elkarrizketetatik %78 euskaraz izaten dira. Tartean haurrik ez dagoen helduen arteko elkarrizketetan, aldiz, kopurua %44,6raino jaisten da. Aitzitik, kalean euskara entzuteko probabilitaterik handiena haurrak elkarren artean solasean dabiltzanean ematen da: %89,9.

Balorazio positiboa
Mañariko Udala gustura agertu da datuekin, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea leuntzeko beharra ere nabarmendu duen arren. Garazi Etxebarria euskara zinegotziaren ustez, “pozik” egoteko datuak dira, “batez ere, euskaraz bizi garela erakusten duelako eta haurren eta gazteen artean oso bizirik sumatzen dugulako euskara”. Hala ere, kontzientziazioan eta beste alor batzuetan lanean jarraitzea “ezinbestekoa” dela azaldu du.

Ildo horretatik, hurrengo hilabeteetan hainbat ekimen proposatuko dituztela aurreratu du Etxebarriak. “UEMAgaz, herriko eragileekin eta euskaltzaleekin elkarlanean izango da, behar den kasuetan herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara sustatzeko”, adierazi du.

NEURKETAREN DATUAK

• 76 udalerrietako batez bestekoa: %65
• Mañariko batez bestekoa: %66,4
(1.183 solasalditatik)
Mañarian, adin tarteka:
• 2-14 artekoak: %85,7
• 15-24 artekoak: %71,9
• 25-64 artekoak: %55,1
• 65etik gorakoak: %60,5
Mañarian, umeren bat
tarteko dagoenean:
• Umeek euren artean: %89,9
• Helduak umeekin dabiltzanean: %78,1
• Helduak, umerik ez dagoenean: %44,6

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!