Francisca Ortuzar mañariarrak 100 urte egin ditu

Anboto 2017ko mar. 10a, 20:01

Francisca Ortuzar.

Atzo egin zituen 100 urte eta hainbat erakunde eta elkarteren aintzatespena jaso zuen.

1917ko martxoaren 9an Abadiñoko Traña-Matiena auzoan jaio zen Francisca Ortuzarrek ehun urte egin zituen atzo. Urte askoan Mañarian bizi izan da eta gaur egun Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitzan bizi da.

Atzo mendeurrena ospatzeko ekitaldi bat antolatu zioten egoitzan eta, senide eta lagunekin batera, hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak batu ziren: Jose Arriola, Bizkaiko Foru Aldundiko Erakunde Jardueren eta Gizarte Proiektuen Zerbitzuko burua; Endika Jaio, Mañariko alkatea; Mari Puy Inzunza, Mañariko Udaleko Kultura Saileko ordezkaria; Irene Gorospe, Mañariako Ursula Donea nagusien elkarteko burua —Francisca Ortuzar elkarteko kidea da— eta Isabel Etxanobe, elkartekidea.

Durangoko bonbardaketa bizi izan zuen

Francisca Ortuzarrek Durangoko Ezkurdi kafetegian lan egin zuen gaztetan. 20 urte zituela, Durangoko bonbardaketa jasan zuen, Gerra Zibilean, eta egun horretan lagun bat galdu zuen: berarekin joan ohi zen, baina egun horretan, Ortuzarrek berarekin joaterik ez zuela esan zion, lan batzuk bukatu behar zituelako. Eta zeregin horiek bizia salbatu zioten.

Ondoren, Mañariko Rufino Zugazagoitiarekin ezkondu zen, eta bertara joan ziren bizitzera. Herrian taberna bateko arduradunak izan ziren eta, urte batzuk geroago, taberna utzi eta zerrategi bat ireki zuten, Zornotzako egoitza kudeatzen duen Igurko Zerbitzu Soziosanitarioko iturriek informatu dutenez.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!