Bizileku hutsen inbentarioa egingo du aurten udalak

Joseba Derteano 2017ko mar. 1a, 09:25
Argazkia: Lehior Elorriaga

Udalak herriko etxebizitza hutsen erradiografia “orokor eta fidagarri” bat eskainiko dien inbentarioa egingo du aurten, Endika Jaio alkateak informatu duenez. Izan ere, “Mañarian etxebizitza hutsen kopuru handia dagoen susmoa dugu”, adierazi du. Inbetarioak hori horrela dela egiaztatuko balu, alokairua sustatzeko programa bat lantzea eta indarrean jartzea hausnartzen dabiltza.

Etxebizitza hutsetako jabeen eta alokatzeko prest daudenen arteko bitartekaritza egingo lukete programa berriaren bidez. Lehenengoei, esaterako, etxea alokairuan jartzeko berme bat eskainiko lieke, eta bigarrenei, berriz, informazioa herrian bertan jasotzeko aukera, besteak beste.

Inbentarioak beste arlo batzuk zehatzago eramateko aukera ere eskainiko die. Esaterako, Ondasun Higiezinen Gaineko zergan %50eko errekargua jarriko diete etxebizitza hutsen jabeei datorren urtetik aurrera. Aldundiak egindako balio katastralen eguneraketaren ostean, aukera hori ahalbidetu die udalei. Inbentarioa “baliagarria” izango da kontu hori zuzen eramateko ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!