Mañarian gazte lokal bat zabalduko dute, gazteek bilgune bat eskatu ostean

Markel Onaindia 2017ko ots. 17a, 10:45

Herriko gaztetxoek bilgune bat edukiko dute, udalak euren iritzia prozesu baten bidez ezagutu ostean

Mañariko gaztetxoek bilgune bat edukiko dute aurrerantzean, udalak gazte lokal bat zabalduko baitu liburutegi zaharrean. 2017rako udal aurrekontua osatzeko, gazteekin partaidetza prozesu berezia landu du instituzioak, eta bilgune baten beharra izan da ondorio nagusia. Horrez gainera, kanpoko gazteekin elkartruke programa bat garatzea ere gura dute. Eguaztenean udaletxean egindako osoko bilkuran 2017ko aurrekontua onartu zuten aho batez EH Bilduk eta EAJk.

Gazte lokala zabaltzeko, lehenik eta behin araudia eta funtzionatzeko modua adostu beharko dituzte, Endika Jaio alkatearen arabera. “Adin txikikoak direnez, gurasoekin ere landu beharko dugu”, adierazi du EH Bilduko alkateak. Gero, lokala dinamizatuko duen enpresa edo elkarte bat kontratatuko dute. Liburutegi zaharrean botikinerako egokitutako lekuan zabalduko dute gazteentzako gunea, lekua sobera dagoelako. Momentuz, 5.000 euro bideratuta ekingo diote proiektuari.

Aurten 7 bat gaztek parte hartu dute partaidetza prozesuan. Iaz 10 bat umegaz burutu zuten, eta plazako kioskoa jolasgune bihurtzea izan zen erabakia; obrak amaituta, laster errealitate bihurtuko dena hain zuzen.

Inbertsio ahalmena, gora
Gazteei begirakoak ez dira, hala ere, herritarren iritziaren arabera onartutako ideia bakarrak. Adibidez, auzoetako argiteria hobetzea eskatu dute zenbait herritarrek, eta udalak 20.000 euro inbertituko ditu horretan. Bideak eta parkeak konpontzeko ere 70.000 euro erabiliko ditu, gainera. EAJren ekarpenez, neguan auzobideak garbitzeko 3.000 euro ipiniko dituzte.

826.000 euroko diru sarrerak eta gastu ahalmena izango ditu udalak aurten, iaz baino %15,64 handiagoa. Jaioren esanetan, arrazoi bik eragin dute hori; iazko exekuzio positiboak eta zorra %35etik behera bajatzea lortzeak. “2009an 1,17 milioi euroko zorra geneukan, eta gaur egun 265.000 eurokoa da”, baloratu du alkateak.

Partida aipagarriak
-70.000: auzobideak konpontzeko
-35.000: hirigintza planerako
-20.000: argiteria hobetzeko
-8.000: aisialdia antolatzeko guraso taldearentzat
-5.000: garagardo azokarako
-5.000: gazte programarako
-3.500: Kultur Etxeari buruzko partaidetza prozesurako
-2.000: etxe hutsen inbentarioa

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!