Kartzela zigorra jaso dezaketen behargin bi babestu dituzte Mañarian

Anboto 2016ko aza. 15a, 13:09

Etxebarriko TMA enpresa 2013an itxi zen, eta horren aurretik zortzi hilabeteko greba burutu zuten beharginek. Gatazka haren ondorioz enpresak hainbat langile salatu zituen, eta orain, euretako biren aurkako epaiketa egingo da; kartzela zigorra eskatzen dute fiskalak eta enpresaburuak. Mañariarra da enpresaburua, eta horregatik, Mañarian bertan salatu dute egoera.

LAB sindikatuak azaldu du azaroaren 29an hasiko dela epaiketa Bilbon. Enpresariak 5 urte eta 6 hileko kartzela eskatu du eurentzat, eta fiskalak 2 urte eta 3 hilekoa. "Lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak kartzelara bidali nahi ditu bi langileak", kritikatu du LABek. Gainera, fiskala enpresariaren alde ipini izana ere ez du ondo ikusi sindikatuak, eta jarrera hori larriagoa iruditzen zaio, "TMA enpresa Hiriko auzian sartuta" egon dela ohartaraziz.

Durango eta Gernikako epaitegietan gaia artxibatu ostean, Bilbotik dator epaiketa.

Elkarretaratzeaz gainera, osoko bilkuran mozioa aurkeztuko dute, bi beharginei babesa erakusteko. Hilaren 27an, bestalde, manifestazioa egingo da Markinan, 13:00etan. Gainera, atxikimendu kanpaina martxan ipini dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!