Umeen jolasgune berria laster egongo da prest Mañarian

Anboto 2016ko urr. 13a, 09:44

Plazako jolasgune berria laster egongo da prest herriko umeentzat. Kioskoa eraberrituko dute, jolasteko erabili ahal izateko, eta ingurunea ere atonduko dute.

Udalak 85.000 euro inguru erabiliko ditu obrarako –Aldundiaren 24.000 euroko laguntza dute–, eta hurrengo egunetan hasiko da lizitazioa. Endika Jaio alkateak adierazi du herrirako “proiektu estrategikoa” dela: “0-10 urte arteko 50 bat ume daude herrian, eta bertan geratzeko garrantzitsua da”.

Itsasontzi itxura hartuko duen kioskoan txirristak eta sokak ipiniko dituzte, besteak beste. Gainera, alboan tirolina bat ere instalatuko dute. Proiektuaren sorburua umeekin egindako partaidetza tailerretan dago, eta hain zuzen, jolasteko leku gehiago edukitzea izan zen ondorio nagusietakoa. Askok eskatu zuten tirolina bat gura zutela herrian, adibidez. Gero, herritarrekin garatutako prozesuan ideia berretsi zen.

Abendu bueltarako
Horrela, Mañariko plaza eraberritu egingo da, umeen mesederako. Gainera, kioskoaren ingurua eta berdegunea handitu egingo dituzte.

Lizitatu ostean, obrak hasi eta abendu bueltarako amaituta egotea espero dutela azaldu du Jaiok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!