Biomasa sistema ipini gura dute Mañarian

Anboto 2016ko eka. 9a, 10:00

Proiektu berritzaile bat esku artean dute Mañarian: biomasa sistema ipini gura dute herrigunean. Mañariko basoetako adaxka eta antzerako materialekin etxeetan bero-sistema ekologikoa edukitzea da asmoa. Horrela, ingurumena babestuko dute, eta herritarrek gutxiago ordainduko dute energiarengatik.

Durangaldean badaude horrelako egitasmoak, Zaldibarko edota Abadiñoko eskoletan, adibidez, baina sistema herrigunean zabalduko litzatekeen lehen proiektua da Mañarikoa. Baina, egia bihurtzeko, herritarrak proiektura batzea beharrezkoa da, eta udalak izena ematera animatu ditu, ekainaren 15a epemuga izanda.

Hainbat abantaila dituen sistema da biomasarena. Ikuspegi ekologikotik energia berriztagarria da, eta ez du klima aldaketa laguntzen, CO2 gasen murrizketagatik. Bestalde, herritarren poltsikoetan ere eragiten du. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, fakturak %10 edo %20 jaitsiko dira, gutxienez. Partaidetza minimoenagaz, adibidez, urtean 74.000 euro aurreztuko dira herri osoan, eta CO2  gasen 280 tona gutxiago erabiliko dira. Ekipoak mantentzeko gastuak ere saihestuko dira etxeetan.

Autobus geralekuaren ondoan egingo diren etxeen sotoan ipini gura dute galdara-gela, eta hortik, hodien bidez herrigunera zabaldu energia. Horrela, berogailua eta ur beroa eredu berriztagarri bati esker edukiko dute etxeetan, eta baita udal eraikinetan ere. Udalak batzarrak egin ditu auzokideekin, eta proiektura batzea espero du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!