28 etxe eraikiko dituzte Mañariko autobus geltokiaren inguruan

Anboto 2016ko api. 13a, 08:13

Mañarian etxe berriak egiten hasiko dira hemendik urtebetera, gutxi gorabehera. Durangorantzako norabidean dagoen autobus geltokiaren atzeko lurretan, 28 etxe eraikiko dituzte, eta horietatik hiru tasatuak izango dira. Urteak atzera datorren egitasmoa da, eta aldaketa batzuei esker gauzatuko dena.

Udala enpresa eraikitzaileagaz akordiora heldu da, Endika Jaio alkateak azaldu duenez. Etxebizitzen proiektu hori hirigintza arauen arabera diseinatu zen, eta horregatik, 14 etxe altxatzea aurreikusita zegoen. Baina enpresak proposamen berri bat egin dio udalari: metro karratu berdinak erabilita, 28 etxe sortzea. Ordainetan, hiru etxe tasatuak izatea lortu dute.

Plan berezia
Horrela, hirigintza arauak kontuan hartuta, etxeen eraikuntzarako plan berezi bat onartu zuten azkeneko udalbatzarrean.  
Argolabe enpresak egingo ditu etxeak, eta azaldu dutenez, oraindik Aldundiko tramiteak ere beharko dituzte, besteak beste. Horregatik, beste urtebetez, gutxienez, ez dira lanekin hasiko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!