Mañariko udalaren zor ekonomikoa ia erdira bajatu dute azkeneko bost urteetan

Anboto 2016ko api. 4a, 09:00

Udalaren zor ekonomikoa 770.000 eurokoa zen 2011n, eta bost urteren ostean, 420.000 eurokoa da.

420.000 euroko zor ekonomikoa dauka Mañariko Udalak bankuekin. Ez da kopuru txikia, baina garapena ikusita, emaitza baikorra dela esan daiteke. Izan ere, 2011tik hona, zorra ia erdira bajatu dute EH Bilduren gobernupean. Endika Jaio alkateak azaldu duenez, zorra 770.000 eurokoa zen orain bost urte.  “Amortizazioak arindu ditugu, eta urtero superabitagaz ibili gara”, esan du Jaiok.

Zalloventako dirua
Datu ekonomikoekin jarraituta, udal soberakina 671.000 eurora handitu da. Zalloventa harrobikoek 336.000 euro ordaindu dizkiote tasetan udalari, berreskurapen lanetan bideak erabiltzeagatik. Egunean 100 joan-etorri egiten dituzte kamioiek, Markomin Goikoa harrobiko lur soberakina hartu eta Zalloventa betetzeko.

Jaiok adierazi du harrobitik etorritako diru hori ez dutela, oraingoz, zorra kitatzeko erabiliko: “Diru sarrera horiek herritarren ongizatean inbertituko ditugu”. Zorra ordaintzeko, urtean 45.000 euro bideratzen dituzte, eta beste dozena bat urteko epea dute oraindik. Gainera, gogoratu du Aldundiko Udalkutxara  40.000 euro bueltatu behar izan dituztela, eta udalarentzat “kolpe gogorra” izan dela.

Aurrekontua, aurrera
Egoera ekonomiko horregaz, 2016rako udal aurrekontua onartu dute udalean. 687.000 euro edukiko dituzte. Besteak beste, plazako kioskoa jolasgune bihurtzeko 10.000 euro erabiliko dituzte, Plan Orokorraren idazketarako 21.000, Biomasa bidezko energia sistemaren azterketarako 21.000, eta bideak konpontzeko 5.000.

EAJ abstenitu egin zen bozketan. Julen Uribelarreak dioenez, Plan Orokorrean aurreikusten diren etxebizitzak pisuak dira, eta “dentsitate baxuko etxeentzat eremu bat bilatu beharko litzateke” bere ustez. Gainera, Biomasa proiekturako iaz ere 11.000 euro erabili zirela dio, baina egitasmoa “gauzatu barik”  dagoela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!