Mañariko lehen Turismo Plana egin dute, turistak erakartzeko asmoz

Anboto 2016ko urt. 28a, 11:07
Hontza museoan 2.000 lagunetik gora hartu dituzte urtebetean.

Mañariak badu bere Turismo Plana. Lehenengo aldia da udalak horrelako proiektu bat egiten duena, turistak erakartzeko asmoz. Endika Jaio alkateak azaldu du herriko ondarea erakustea dela helburua, eta “herriari beste ate batzuk zabaltzea ere bai, batez ere ekonomikoki”. Martitzenean aho batez onartu zuten osoko bilkuran. Herriko historiaz informatzeko panelak, mendi ibilbideak, edota atsedena hartu eta otorduak egiteko gune bat sortzea dira ideietako batzuk.

Dudarik ez dago azken hileetan bisitarien kopurua hazi egin dela Mañarian, Hontza natur zientzien museoa zabaldu eta gero. Urtebetean, 2.000 lagunetik gora pasa dira museotik. Eta, turisten joera eta nahiak ezagutzen dituztenez, museokoek landu dute Turismo Planaren zirriborroa, udalaren enkarguz.  

Planak hainbat jarraibide eskaintzen ditu, eta udalak pausoz pauso aztertuko ditu, gero bideragarri direnak garatzeko. Beraz, epe luzeko ikuspegia dauka planak, eta alkateak esan du moldagarria ere izango dela.

Herrigunea eta auzoak
Proposatutako ekintzak herrigunerako eta auzo edo mendi inguruetarako dira. Esaterako, herriguneko etxeen fatxadetan, herriko historia islatuko duten graffiti artistikoak margotzea aurreikusi dute, bizilagunekin adostu eta gero, noski.

Historiaz aparte, ondare natural handia dauka Mañariak: kobazuloak, mendiak, harrobiak, putzuak... Umeei begira, fauna eta floraren inguruan informatuko duten ibilbideak sortzea proposatu dute. Mendi ibilbideak eta lasterketaren bat eratzeko asmoa ere badago planean. Bestalde, autokarabanen gunea eta autobusen aparkalekua ere badaude aukeren artean.

Horrela, museoaren aitzakian datozenek egunpasa egin ahalko dute herrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!