Agenda 21eko partaidetza foroa egingo dute gaur

Anboto 2015ko abe. 22a, 11:35

Tokiko Agenda 21eko foro parte-hartzailea burutuko da gaur, Mañarian. 19:00etatik aurrera izango da, eta udaletxeko pleno aretoan batuko dira.

Mañariko Udalak bertaratzeko deialdi berezia egin die herritarrei: “Garrantzi handikoa da herritarrek foroan parte hartzea, guztion artean gure udalerriaren bizi-kalitate maila hobetzeko aukera paregabea delako”.

Hiru zeregin
Tokiko Agenda 21eko arduradunek hiru zeregin ezarri dituzte batzarrerako. Lehenik eta behin, iazko foroan jaso ziren eskaera eta proposamenei emandako erantzunak azalduko dituzte. Bigarrenik, 2015ean zehar udalerrian garatu diren ekintzen eta proiektu iraunkorren berri emango dute. Eta hirugarrenik, datorren urterako herritarren eskaera eta proposamenak batuko dituztela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!