2.100 bisitari, 650 ale eta hamaika ilusio berri Mañariko Hontza museoan

Anboto 2015ko aza. 9a, 12:41

Hontza natur zientzien museoko presidenteak, Enrique Huertak, prentsaurrekoa eskaini du gaur, urtebeteko balorazioa egin eta proiektu berriez informatzeko.

Datu interesgarri asko eman ditu Huertak. Iazko azaroaren 24an inauguratu zuten Hontza museoa, eta geroztik, 2.100 bisitaritik gora jaso ditu. Urtemuga ospatzerako, 2.300eko kopurua ailegatzea espero dute.
Huertak 37.000 ale zientifiko dauzka gordeta, eta museoan 650 daude ikusgai momentu honetan. Munduko Moluskuak izeneko aldi baterako erakusketa egokitu du, eta gainera, hogei pieza berezitik gora jaso dituzte Victor  Martinez Ayalaren partez. Afrika eta Amerikako aleak dira: lehoiak, jirafa, puma argentinarra, Kanadako hartz beltza, gepardoa...

Bestalde, eremu akademikoan erreferentzia hartzen dabil museoa. EHUko hainbat ikasle egon dira bertan, eta hiru, gradu amaierako lana egiten dabiltza museoa oinarri hartuta.

"Biltegi polita"

Huertak artxibatuta daukan materiala ia amaigabea da, eta ahalik eta ale gehien ikusgai egon ahal izateko, eraikina antolatzen dabiltza. Bigarren solairuan, Huertak "biltegi polita" deitzen dion eremua atondu dute. Animali disekatu ugari daude interesdunen eskura. Ahal eta gura duenak bisitatu dezake, baina oraindik ez dute ofizialki inauguratu, igogailurik ez dagoelako.

Museoa egunero dago zabalik, baina gainera, ordutegi horretatik aparte ere hitzordua eskatu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!