Urtxintxa (astialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako erakundea)-ko kideek prestatu zuten dinamika. Lehenengo, herrian zer egin nahi zuten pentsatzea eskatu zieten, eta gero, ideia hori marraztea edo plastilinaz lantzea. Beñatek skate parke bat marraztu zuen, eta tirolina bat Uritzek: “Durangon ibili nintzen tirolinan, eta herrian bat ipintzea gura dut”. Eskulanak egitea irudikatu zuen Intzak, eta igerileku bategaz edo arboletan eginiko etxeekin amestu zuten beste batzuek. Ideia horiek guztiak udaleko batzordean aztertuko dituzte teknikariekin, eta hurrengo barikuan umeekin egingo duten bigarren tailerrean ideien bideragarritasuna azalduko diete.
“Parte hartzen ikasi”
EH Bilduko Endika Jaio alkate denetik, aurrekontuak era parte-hartzailean landu izan dituzte, eta, aurten, umeen iritzia ere zuzenean jakitea erabaki dute. Gainera, ekimenak asmo pedagogikoa ere badu, Jaioren arabera: “Umeak garrantzitsu sentitzea gura dugu, eta ilusioa egingo diela uste dugu. Parte hartzea garrantzitsua da guretzat, baina parte hartzen ikasi egin behar da. Demokrazia parte-hartzailearen kulturan hezi gura ditugu umeak”.
Ondorioak, abenduan
Urtero lez, udal arduradunek herritarren proposamenak ere jaso dituzte, inkesta bidez, eta abenduaren 12an aztertuko dituzte batzar zabal batean. Edozelan ere, umeak dira aurtengo protagonistak, eta prozesuan parte hartzen dabiltzan superheroiek herritarren aurrean aurkeztuko dituzte euren ondorioak, abenduaren 18an.
Duela urte batzuk Francesco Tonucci pedagogo italiarra Euskal Herrira etorri zen, eta gizartean umeen parte-hartzea sustatzeko filosofia zabaldu zuen. Eragina eduki zuen instituzio eta eragileen artean. Urtxintxa elkartea horrelako jarduerak bultzatzen dabil; Aiora Azagirre da Mañariko prozesua gidatzen dabilenetako bat. Jolasaren bidez, umeen iritzia ezagutzea lortu duzue. |