Burdina ardatz hartuta, Mañaria zeharkatuko dute zapatuan, bisita gidatuan

Anboto 2015eko urriaren 16a

Gerediaga elkarteak eta Bizkaiko Foru ALdundiak antolatutako Ondare Jardunaldien barruan, Durangaldeko egitarauak geldialdia egingo du, bihar, zapatua, Mañarian.


Aurtengo jardunaldien gaia burdina da. Izan ere, Gerediaga elkarteak gogora ekarri duenez, Durangaldean, urteetan zehar, burdina eragile ekonomikoa izan da: antzinako burdinoletan eta errementerietan, eta oraingo siderurgia eta metalaren industrietan. Horregatik, programatutako ekintza guztiek burdinaren kulturara hurbilduko dituzte bisitariak, burdinolen aztarnak ezagutuz, burdinari lotutako kondairak entzunez, zein gaur egungo enpresen barrura sartuz.

Durangaldera begira antolatutako egitarauaren barruan, Mañarian bisita gidatua egingo dute, bihar, 19:00etan, plazatik abiatuta. Jon Arroita izango da irteera honen gidaria. Arroitak azaldu duenez, burdinaren eta Mañariaren arteko lotura horren bi alderdi landuko dituzte. Batetik, antzinako ohituretan burdinak izan duen garrantzia ezagutaraziko dute, bai ohituretan baita mitologian ere. Bestetik, Mañariaren kasuan, burdinak eta bideak izandako lotura aztertuko dute. Izan ere, Bizkaia burdina ekoizteko lekurik ospetsuena izan zen Europan, eta material hori hegoaldera garraitzeko, Mañaritik igarotzen den bidea erabiltzen zen. Ildo horretatik, XVII-XVIII. mendeetan benta izan zen Kaltzada baserriari buruz berba egingo du Arroitak, besteak beste.

Bestalde, Mañariko egitaraua kontzertu batekin amaituko dute, 19:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!