Umeekin ere erabakiko dute Mañariako udal aurrekontua

Anboto 2015ko urr. 12a, 09:30

2016rako udal aurrekontuaren lanketa hasi dute Mañarian, eta azken urteetako esperientziari jarraituta, aurrekontuaren zati bat era parte-hartzailean garatuko dute. Gainera, umeekin ere erabakiko dute hurrengo urtean zer proiektu burutu udalerrian. Guztira, 25.000 euroko partida bat egongo da herritarren iritziaren eskura, eta horietatik 10.000 umeen beharrizanei begira inbertituko dituzte.


Umeen partaidetza indartzea da udalaren helburua: “Komunitateko partaideak diren heinean, erabaki esparruetan egoteko eskubidea daukate, eta beraien  parte-hartzea bermatu behar dugu”. Umeen interes eta nahiak ezagutzeko, tailer bi egingo dituzte, urriaren 23an eta azaroaren 6an. Abenduaren 18an, ondorioak azalduko dituzte umeek, jendaurrean.

Bestalde, herritar guztiei ere proposamenak egiteko gonbita luzatu die udalak. Urriaren 26a baino lehen, udaletxera eraman beharko dira banatu dituzten fitxak, edota bestela, partaidetza.manaria@bizkaia.org helbidera ere bidali ahal dira. Ekarpen guztiak jaso ostean, batzar zabala deituko dute abenduaren 11rako, eta udal teknikariekin batera proposamenak aztertuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!