12 proiektu onartu dituzte, aurrekontu parte-hartzaileei esker

Anboto 2015ko mai. 4a, 12:32

Mañariko Udalak aurten ere aurrekontu parte-hartzaileak garatu gura izan ditu, aurreko urte bietan hasitako bideari jarraitzeko. Horrela, urteko aurrekontu osoaren zati bat herritarrek egindako ekarpenekin beteko dute. Endika Jaio alkateak azaldu du 24 bat proposamen aurkeztu zituztela herritarrek, eta ondoren egindako batzar zabal batean horietatik hamabi aukeratu zituztela.


28.700 euro erabiliko dituzte proiektu horiek guztiak aurrera eramateko. Esaterako, parke gorrian nagusiek gimnasia egiteko tresnak ipintzeko 5.000 euro hartuko dituzte. Erabaki garrantzitsu bat udalekuen eskaintza zabaltzea izan da; orain arte, uztailean, pare bat astetan garatzen ziren, eta, aurten, uda osoan zein Gabonetan egongo da zerbitzua. 7.000 euro gorde dituzte ekimen horretarako.

Jaiok gogoratu du onartutako ekintzak egia bihurtzen direla, eta herritarrak hurrengo partaidetza saioetan parte hartzera animatu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!